Laudio "Europako beiraren erreferente" bihurtu nahi du udalak, herriko enpresekin elkarlanean

Txabi Alvarado Bañares 2021ko uzt. 23a, 06:00

Atzo egin zuten ekimenaren aurkezpena. / Laudioko Udala

Hiru proiektu burutzea aztertzen ari da udal gobernu taldea: beiraren teknologia eta berrikuntzarako zentro bat eraikitzea, beste prestakuntza-gune bat atontzea eta MICE turismoa sustatzea.

Laudio Glass Hub proiektua aurkeztu du Laudioko Udalak. Laudio "Europako beiraren erreferente" bihurtzea da egitasmoaren xedea, udalerrian material hori lantzen duten lau enpresa (Guardian Glass, Guardian Automotive, Vidrala eta Trabeira) daudela kontuan hartuta. 

Laudio "lurralde estregiko gisa kokatzea” da ekimenaren helburua, “beiraren sektorean”. Hala azaldu du Ander Añibarro alkateak. Hiru proiektu garatu nahi dituzte helburu horri begira: “Beiraren teknologia eta berrikuntzarako zentro bat eraikitzea, beste prestakuntza-gune atontzea bat eta MICE turismoa sustatzea”. 

Lehen proiektuaren bidez, “sektoreari lotutako ikerketa eta berrikuntza-ekosistema” sortu nahi dute, “sektorearen europar ezagutza eta berrikuntza” Laudion zentralizatzeko eta, modu horretan, “udalerrian bertan ikerketa eta testatzea bultzatzeko”. 

Bigarren ekimenaren bidez, udalerriko Lanbide Heziketa eskaintzan eragin nahi dute, “hainbat sektoretan gradu eta ziklo berriak txertatuz eta beiraren sektoreko prestakuntza aitzindaria sartuz”.

Hirugarren ekimenarekin, aldiz, “Laudio marka” indartu nahi dute, “tokiko turismo-planarekin bat etorriz”. 

Elkarlan publiko-pribatua ardatz

Elkarlan publiko-pribatua sustatu nahi dute horretarako. Iragan uztailaren 9an egin zuten lehen saioa arestian aipatutako enpresekin, “proiektua aurkezteko, haien beharrak ezagutzeko eta parte-hartzea sustatzeko”. Eusko Jaurlaritzari eta Arabako Foru Aldundiari ere plazaratu diete proiektua, eta interesa erakutsi dute. 

Udalaren arabera, Laudiok “kokapen geografiko pribilegiatua” du horrelako ekimen bat aurrera ateratzeko: “Igarobidea da eta Arabako hiriburua eta Bilboko Portua lotzen ditu. Hori dela eta, udalerria funtsezkoa da salgaien trafikorako”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide