OLATZ CAMINO ARTEAGA, EUSKADIKO TXAPELDUNA

“Orain arte bezala jarraitzeko asmoa daukat, ahal bezain postu onenak lortzen eta onena ematen lasterketetan zein taldean”

Txabi Alvarado Bañares 2021ko uzt. 26a, 07:00

Olatz Camino Arteaga, larunbatean jokatutako lasterketan.

OLATZ CAMINO ARTEAGA (Laudio, 2004) Euskadiko Txapeldun izendatu zen larunbatean jokatutako Larrinbeko Sari Nagusian. Aiarabike taldearekin hasi zuen ibilbidea gazte laudioarrak, eta Arabarrak taldean dago orain. 

Garaile atera zinen larunbatean Larrinbeko Sari Nagusian. Espero zenuen?

Ez, ez nuen espero. Ondo ezagutzen nuen ibilbidea, eta banekien non estutu behar nuen eta non ez. 

Apurka apurka hobetzen noa. Ikasten ari naiz non azkartu behar dudan abiadura eta non ez, eta energia gutxiago gastatzea ahalbidetzen dit horrek. Lasterketaren amaiera, gainera, niretzat egina zirudien: igoera bat zen, eta mota horretako metetan ondo moldatu izan naiz beti. Aurrean jartzeko baliatu nuen eta horrela lortu nuen gailentzea. 

Aldapa gora zara trebea, beraz.

Bai, aldapan goran edo portu txikietan, bi kilometro ingurukoak. 

Hau da orain arte lortu duzun garaipenik handiena, ez?

Bai. Lehenengo urteko Infantiletan hasi nintzen. Kadeteen lehen urtean bi lasterketa irabazi eta podium batzuk egin nituen. Bigarren urtean bi podium egin nituen, hirugarren postuan, eta torneo batean liderra izatea ere lortu nuen. 

Jubenilen lehen urtean nago orain, eta larunbatekoa izan da kategoria honetan lortu dudan lehen garaipena. Baina ostiralean kronoeskalada bat egon zen, oso gogorra, eta hirugarren postua lortu nuen.  

“Nik ez dut entrenatzailerik, nire kabuz planifikatzen ditut entrenamenduak, egun bakoitzean ditudan gogoen arabera”

Proba gehiago dituzu agendan?

Bai, gaur itzuli batekin hasiko naiz, Nafarroan. Postu onak lortzea espero dut. Podiumen bat egitea gustatuko litzaidake, eta taldeko kideren batek irabaztea. 

Txirrindularitza talde kirola dela esango zenuke?

Bai. Taldekideok elkar lagundu behar gara. 

Larunbateko garaipenaren ostean, erronka handiagoak jarri dizkiozu zure buruari aurrera begira?

Orain arte bezala jarraitzeko asmoa daukat, ahal bezain postu onenak lortzen eta onena ematen lasterketetan zein taldean. Beste lorpenen bat erdiesten badut, askoz hobe. 

Nolatan hasi zinen txirrindularitzan?

Bost urte daramatzat dagoeneko lasterketak egiten. Triatloiak egin nahi nituelako hasi nintzen bizikletan. Aiarabike taldean hasi nintzen entrenatzen, eta asko gustatu zitzaidan. Horregatik, txirrindularitzan soilik aritzeko pasa nintzen. Krosak egin nituen, baina aurten utzi egin dut. Bi triatloi egin nituen soilik, baina duatloiak ere egin ditut, oso gogoko ditut. 

Zergatik erabaki zenuen txirrindularitzan zentratzea?

Gustukoago dudalako eta lagun berriak egiteko balio izan zaidalako. Oso giro ona dago taldean. 

Nola daramatzazu entrenamenduak? Aldaketa handia nabaritu duzu Kadeteetatik Jubeniletara?

Nik ez dut entrenatzailerik, nire kabuz planifikatzen ditut entrenamenduak, egun bakoitzean ditudan gogoen arabera. Astero lau egunez aritzen naiz bizikletan. Bi ordu inguru egiten ditut egunean, bataz beste. Orozko, Urduña, Arespalditza edota Artziniegatik entrenatzen dut. 

Barne-diziplina handia behar duzu, orduan. 

Batzuetan ez dut gogorik eta berdin berdin ateratzen naiz. Orain, udan gaudenez, arrazagoa da. Ikasturtean zehar, aldiz, klasetik atera ostean entrenatzen dut, eta ikasi egiten dut gero. 

2. Batxilergoa egingo duzu datorren ikasturtean. Zaila ikusten duzu ikasketak eta entrenamenduak uztartzea? Zer asmo dituzu datozen urteei begira?

Ikasketak eta txirrindularitza uztartuko ditut. Beharrezkoa da ikastea, baina baita gustuko dituzun gauzak egitea ere. Ni pertsona ordenatua naiz eta ondo uztartzen ditut bi gauzak. 

Horrela jarraitzea da nire asmoa: postu onak lortzen eta gustura egoten. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide