Chiki Lora, Zea Mays eta Skakeitan taldeek joko dute Amurrion abuztuaren 13tik 15era bitartean

Txabi Alvarado Bañares 2021ko uzt. 29a, 23:58

Abuztuaren 14an joko du Zea Mays taldeak. / Igor Zalbidea

Sarreak abuztuaren 2an jarriko dira salgai Amurrion erroldatutako pertsonentzat, eta abuztuaren 7an, aldiz, erroldatu gabekoentzat. 

Chiki Lora, Zea Mays eta Skakeitan taldeek joko dute Amurrion abuztuaren 13, 14 eta 15ean, hurrenez hurren. Toki eta ordu berean izango dira kontzertuak: 22:30ean Mendiko Eskolan. 

Amurrioko Udalak eta Burubio Kultur Elkarteak antolatu dituzte emanaldiak, 'Udako Kultur Tantak' ekimenaren barruan. 

Emanaldietara gonbidapenekin sartu ahalko da soilik. Amurrion erroldatutako pertsonek Kultura Etxean eskuratu ahalko dituzte sarrerak, abuztuaren 2tik 6ra, 19:00etatik 21:00etara bitartean. 

Herrian erroldatu gabe dauden pertsonek, ordea, Turismo bulegoan eskuratu ahalko dituzte, abuztuaren 7 eta 8an, 10:00etatik 14:00etara bitartean. Abuztuaren 10etik aurrera, aldiz, bulegoko ohiko ordutegian eskuratu ahalko dira (10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 19:00etara). 

Kasu guztietan, pertsona bakoitzak 4 sarrera eskuratu ahalko ditu gehien jota, eta sarrerak jaso dituzten pertsonen izen abizenak jasoko dira. 

Ibilbide oparoa egin duten musikariak igoko dira Mendiko Eskolako oholtzara. Chiki Lora Canteca de Macao talde ospetsuko kidea da, eta Volaré diskoa aurkeztuko du Amurrion.

Zea Mayseko kideak ere lan berriarekin bertaratuko dira eskualdera: Adore.

Skakeitan taldeak, aldiz, pandemia hasi baino hilabete batzuk lehenago aurkeztu zuen Nola galdu denbora diskoa, eta duela gutxi hasi dira zuzenekoak eskaintzen. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide