Lau itsas-edukiontzi jarri zituzten duela zenbait aste Laudioko Lamuza Parkean. Kulturlab 01 ekimena garatzeko baliatuko dituzte egitura horiek. Atzo egin zuten egitasmoa aurkezteko agerraldia, edukiontzien aurrean.
Kulturzaleak elkarteak garatu du proiektua, SOS Parkea plataformak eta Kulturkom proiektuak lehenago eginiko bidearei jarraiki. Zentzu horretan, Laudioko Lamuza Parkeko espazioetan “kultura sortzaileak bultzatzea” eta “kultur eszenatoki berriak elkarlanean irudikatzea” izango da egitasmoaren xedea.
Hainbat ekintza egingo dituzte horretarako. Alde batetik, “Olana ibiltaria” ekimena garatuko dute. Olana erraldoi bat prestatu dute horretarako, eta bertan bildu dituzte Kulturkom jardunaldien ondorioak (Laudioko Kulturaren Batzarrak eta SOS Parkea plataformak 2019an egindakoak). 2035. urterako Lamuza Parkea “Kulturaren Parkea” bilakatzea proposatu dute, eta espazio horrek izan ahalko lukeen itxura plazaratu dute olanan. Laudioko hainbat tokitara eraman nahi dute irudia, herritarren irudimena piztu eta ekarpenak jasotzeko. Azalpen liburuxka bat ere prestatuko dute, proposamenaren azalpen garatuago batekin. Kulturaren munduko pertsonekin eta erakunde publikoekin partekatuko dute proposamena.
Izan ere, Kulturzaleak elkarteko kideek uste dute orain dela eztabaida hori irekitzeko unea. “Une honetan, Arabako Foru Aldundia Kultur Etxearen barne-erreformarako aurreproiektu bat lantzen ari da”, azaldu dute taldeko kideek, eta aldarrikatu dute aurreproiektu hori “Laudioko kultura eragileekin lankidetzan” garatu behar dela, “erreforma ez dadin hobekuntza formal hutsa izan, benetako aukera bat izan dadin laudioar kultura eraldatzeko eta berritzeko”.
Hiru sortzaileren laborategi
Bestetik, arte laborategiak egingo dituzte parkean jarritako edukiontzietan. Laudioko hiru sortzailek hartuko dute parte egitasmoan: Ander Perez Puelles, Nerea Apodaka eta Mederi Ferreño Goirigolzarri. Sortzaileek nahi duten moduan erabili ahalko dute espazioa, aurretiaz ezarritako ordutegirik gabe, eta bertan garatutako sorkuntza lanak erakutsiko dituzte gero, hileko azken asteburuetan.
Hala ere, ekimena ez dute hiru sortzaile horien erakusketetara mugatu nahi. Beste hainbat egitasmo egitea ere aurreikusi dute Kulturzaleak elkarteko kideek, herriko beste sortzaile batzuekin elkarlanean. Horretarako, edukiontzi gehiago jartzea aurreikusi dute. Hala ere, dirua behar dute horretarako. Gauzak hala, egitasmoa finantzateko bideen bila dabiltza, eta finantziazioa bermatu ahala joango dira ekimen berriak zehaztu eta publiko egiten.
Kulturlab.info webgunean topatu daiteke ekimenaren gaineko informazio guztia.