Bigarren urtea jairik gabe. Nola bizi izan dituzue urte hauek zuen kuadrillan eta Jaiak Koordinakundearen baitan?
Kuadrilla bezala ez gara asko bildu. Zer edo zer egin dugu, baina gauza askorik ez. Suposatzen dut txupinazoan elkarrekin bazkaltzeko geratuko garela, mahaietan banatuta. Baina pandemia garai honetan ez daukagu elkartzeko gogo handirik, ezin daitekeelako gauza handirik egin. Egoera ez da berdina, eta gogoak ere ez.
Eta Jaiak Koordinakundean?
Egon da gauzak antolatzeko saiakeraren bat edo beste, baina azkenean ez gara elkartu. Sanpedropekoetan zerbait antolatzea genuen buruan, baina azkenean bertan behera uztea erabaki genuen, egoerak hobera egiten ez zuela ikusi genuelako.
Jaiei dagokienez, duela bi hilabete bilera bat egin zen udalarekin, eta bertan erabaki zen aurten ere ez zela jairik egongo. Orduan erabaki genuen Koordinakundetik ere ezer ez egitea, egin zitezkeen jarduerak oso eskas geratzen zirelako eta ez genuelako uste merezi zuenik.
“Ikusteke dago zein egoera izango dugun datorren urtean, baina gure asmoa ohiko formatuko jaiak egitea izango litzateke”
Behin pandemia atzean utzita, uste duzue zaila izango dela jaien ohiko erritmoa berreskuratzea?
Alde positibo zein negatiboak ikusten ditut. Alde batetik, logikoa den bezala, bi urtez ezer antolatu gabe egoteak geldiune bat suposatzen du koordinakundearen funtzionamenduari dagokionez. Horren ondorioz, ohikoan baino gehiago kostatu zaigu berriz erritmoa hartzea, bilerak egiten hastea eta abar.
Baina, bestalde, nire inguruko jendearekin hitz eginda, ikusten dut jendea gogotsu dagoela orokorrean jaiak antolatu eta gauza handiak egiteko, duela bi urteko jaiak are gehiago hobetzeko.
Gazteak jomugan jarri dituzte azken hilabeteetan, pandemia egoera honetan ustez izaten ari diren jokabideagatik. Gazte bezala, nola ikusten duzu zuk hori?
Lamuza parkean jende pilaketak egon direla, adibidez, ezin da ukatu. Baina iazko Laudioko Jaietan, adibidez, jendea orokorrean ondo portatu zela esango nuke. Giro atsegina sortu zen eta ez zen arduragabekeriarik egon. Horren aurrean nik uste dut gazteok badugula ardura handia kasuen gorakadan, baina ulertzen dut bi urte hauek gogorrak suertatu direla.
Azkenak kuadrillakoak zarete koordinakundeko kiderik gazteenetako batzuk. Azken belaunaldia zarete. Belaunaldi aldaketa bermatua dagoela esango zenuke? Ildo berean, uste duzue bi urteko etenaldi honek belaunaldi haustura bat eragin dezakeela?
Pandemia duela bi urte hasi izan balitz argi izango nuke erantzuna: eragina handia izango litzateke, Jaiak Koordinakundeak garai hartan urteak zeramatzalako belaunaldi berririk gabe. Baina duela bi urteko jaietan hiru kuadrilla berri sortu ziren, gurea tartean. Horregatik uste dut koordinakundeak eta Laudioko Jaiek etorkizun oparoa izango dutela. Egia da badaudela gazte belaunaldi batzuk ez dituztenak oraindik Laudioko Jaiak guk bezala bizi izan (gauez aterata, adibidez). Baina guk zubi lana egin dezakegu gazte kuadrilla berriak sartu eta makineria berriz abian jartzeko.
“Egia da badaudela gazte belaunaldi batzuk ez dituztenak oraindik Laudioko Jaiak guk bezala bizi izan. Baina guk zubi lana egin dezakegu gazte kuadrilla berriak sartu eta makineria berriz abian jartzeko”
Datorren urterako prest, beraz?
Ikusteke dago zein egoera izango dugun datorren urtean, baina gure asmoa ohiko formatuko jaiak egitea izango litzateke. Unean uneko baldintzen arabera moldatuko ginateke.
Bukatzeko, zer mezu helarazi nahiko zenukete koordinakundetik aurten ez-jaiei begira?
Patxadaz hartzea aurtengo ez-jai hauek, zentzugabekeriarik egin gabe. Baina, era berean, mezu baikorra bidali nahiko genuke: zain egoteko, gogotsu, gure partetik ahalegina egingo baitugu datorren urteko jaiak ahalik eta hoberenak izateko.