Herriko toki kuttun bat aukeratzeko eskatu eta Laudioko Lamuza Parkea erakustea erabaki du Oihana Moyak. Sarreran elkartu gara berarekin, eguzkiak gogoz jotzen du, egun atsegina da gaurkoa bertako zuhaitzen itzalpean babesteko.
Laudiora bizitzera etorri aurretik Aiarako bizilaguna zen Oihana, ezer gutxi zekien Laudioz eta hare gutxiago bertako harribitxi honetaz. Laudio Institutura ikastera etorri eta orduan ezagutu zuen parkea lehendabizi: "Atsedenaldietan hona etortzen ginen klasekideak, hamaiketakoa jan eta eguneko kontuetaz hitz egitera. Oso toki atsegina iruditu zitzaidan lehenengo egunetik".
Beste hainbesterentzat bezala, lagunekin elkartzeko tokia izan da Lamuza Parkea Oihanarentzat: "Institutu garaian asko etortzen ginen hona, lagunartean. Oso espazio zabala eta atsegina da. Gaztaroko oroitzapen oso politak gordetzen ditut hemen."
140 urteko historia luzean, Urkixo markesen jauregiak eta haren inguruek laudioarren hamaika sekretu gordetzen dituzte. Sekretuak bakarrik ez, parkeak mundu osoko ehunka zuhaitz eta landare espezie ere gordetzen baititu. Tokiko landareek urrutiko herrialdeetatik ekarritako zuhaitz exotikoekin egiten dute elkarbizitza. Hain zuzen ere zuhaitz horietan milaka aldiz lotu izan du Oihanak slackline soka: "Gogoan dut duela urte batzuk, udan, slacklinearen sukarra piztu zitzaigula. Oso leku aproposa da hau kirol hori praktikatzeko, badira enbor sendoak euren artean soka jartzeko distantzia egokira daudenak. Une oso politak bizi izan ditut lagunekin, soka gainean oreka bilatzen genuen bitartean".
Crossfiteko mundu mailako postu gorenetan dago Oihana orain: "Ez dut lehen neukan denbora parkeaz gozatzeko, entrenamendu saioetan buru-belarri murgilduta nagoelako."
Kultura ere izan du hizpide kirolari laudioarrak: "Herriko kulturaren erdigunea ere bada Laudioko parkea. Dozenaka kontzertu eta ekimen kulturalez gozatu izan dut nik hemen. Badago aire zabaleko eszenatoki bat, Gaztetxea ere hemen bertan dago... Horrek egundoko bizitza ematen dio inguru guztiari."
Polemikan ere sartu gara, duela aste batzuk parkea gauez ixteko erabakia hartu zuelako udalak. Oihanak, ordea, ez du begi onez ikusten hartutako neurria: "Parkea guztiona da, ezin dute bertan gauean egotea galarazi. Ez dakit zehazki zer ekidin nahi duten horrekin, baina ziur nago beste neurri batzuk ezarri daitezkela, debekuen ordez".
Laudioko Lamuza Parkea herriarena da, argi erakutsi zuen hori Laudiok Sos Lamuza Parkea plataformaren baitan mobilizatzeari ekin zionean. "Egundoko mugimendua sortu zen" azaldu du Oihanak. "Parkea eta kultur etxeko eraikina oso egoera kaskarrean zeuden, utzita bezala. Herria asko inplikatu zen, espazioak duen garrantziaren adierazle da hori".
Dena den, laudioarrentzako hain kuttuna den toki hau merezi duen errespetu eta begirunetik oso urrun dagoela uste du Oihanak.