Badira 20 urte Laudioko Latiorro Ikastetxea berde koloreko txapa metalikoak instalatuz birmoldatu zenetik, urteak pasa ahala beharrezkoa bilakatu baitzen. Baina uralita ez zuten kendu. Orduan, 2013an, Laudioko Udalak ikerketa enkargatu zion enpresa espezializatu bati, eta amiantoz eginiko material hori topatu zuten herriko hainbat hezkuntza zentrotan. Garrantzitsua da amiantoa kentzea, mineral horrek birikietako minbizia sor dezakeelako epe luzean.
Hezkuntza Sailak 800.000 euro inguruko inbertsioa egin du Latiorroko hezkuntza zentroko uralita erretiratzeko. Obretan murgilduta daude une honetan, eta lanak ikasturte hasierarako amaitzea aurreikusi dute.
Aipatzekoa da dagoeneko material mota hori beste ikastetxe batzuetatik ere kendu dutela, hala nola Aretako Fabian Legorburutik edota Laudio Ikastolaren eskolaurreko eraikinetik, baita Latiorro Ikastetxeko zenbait tokitatik ere.
Horrez gain, aparteko hobekuntzak sustatuko ditu udalak, 200.000 euro inguruko inbertsioaz baliatuz, Aretan, Lamuzan eta Latiorron bertan. Azken honetan saskibaloi pista bat asfaltatuko da, patioa konponduko da eta 'Ortega y Gasset' eraikineko argiak aldatuko dira.