Belar hockeyko Realak Donostian du zelaia, eta bertan entrenatzen du beti. Baina atzo goizean Laudion agertu zen talde Gipuzkoarra. Izan ere, euren zelaian obretan ari dira, eta beste leku batera mugitu behar izan dira, hobekuntzak bukatu arte. Aurreikusi dutenez, taldea bi aste barru egongo da bueltan Gipuzkoako hiriburuan, liga hasi baino lehen.
Hurbiltasuna aztertuta, badirudi bi aukera zituztela: Getxo eta Laudio. Azkenean eskualdera etortzea erabaki zuten.
Iván Lorenterekin aritu gara, ekainetik talde txuriurdinaren entrenatzailea denarekin. Laudioko Gardea auzoko belar hockey zelaian entrenatzeak sentsazio positiboak utzi dizkio: “Donostian, hiri barruan entrenatzera ohituta gaude, eta hemen mendiz inguratuta entrenatzea... leku polita da”.
Taldea goizero hurbilduko da Laudiora autobusez, eta entrenamendua eta gero itzuliko da Gipuzkoara. Lorenteren taldearen bi aste hauetako plana liga prestatzea da, irailaren 19an hasiko baita, hilabete barru.