Laudioko hiriguneko zuhaitzak babesteko plan bat sortzea eskatuko du Omniak abuztuko Udal Osoko Bilkuran, mozioa aurkeztuta. Oposizioko taldearen ustez, zuhaitzen mozketa zein erorketa “ohiko gertakaria” bilakatu da Laudion, etabizilagunen segurtasuna arriskuan jarri dezake horrek.
Herriko plazaren alboan moztu zen zuhaitza jarri dute horren adibidetzat. Gainera, Lamuza Parkean ere “adar handi bat” erori zela ohartarazi dute talde politikoko kideek, “umeen parketik oso gertu”.
Zuhaitzen inbentarioa
Horren aurrean, “soluzio eraikitzaileak” planteatu behar direla uste du Omniak, eta horregatik proposatu dute plana garatzea. Plan horren bidez, udalerriko zuhaitzen inbentario bat egingo litzateke, ale bakoitzaren “ikerketa fitosanitarioa” egiteko eta, modu horretan, arriskuen aurreikuspen bat egiteko eta zuhaitz bakoitzarekin zer egin zehazteko. “Bigarren fase batean, osotasun estrukturalaren analisi bat egin ahalko litzateke”, aurreratu dute alderdiko kideek, “modu horretan, zuhaitzak mantentzeko beharrezko beharrezko neurriak hartu ahalko lirateke, istripuak saihestuz eta gure ingurugiroa modu aktiboan zainduz”.
Era berean, kentzen diren zuhaitzak beste batzuengatik ordezkatu beharko liratekeela uste dute Omniako kideek: “Mozten den zuhaitz bakoitzagatik berri bat landatuko da, gutxienez”. Horrez gain, taldeko kideek uste dute zuhaitzen inbentarioak balioko lukeela herrian dagoen “baso-ondarea” sailkatu eta balioan jartzeko, “katalogo publiko bat” sortuta. Zentzu horretan, zuhaitzak eta gune berdeak “herriaren ondarearen parte” direla aldarrikatu dute: “guztion artean zaindu eta mantendu behar dugun birika da”.