Pasa den astean, Laudioko Udalak eta CD Laudiok Lehentasunezko Erregional Mailako eta Gazteen Euskal Ligako taldeen partidetara ikusleak joateko jarraitu beharreko protokoloa adostu zuten. Guzti hori Eusko Jaurlaritzak COVID-19ak osasun-prebentzioaren arloan duen egungo araudiari jarraituz egin zen.
Ellakuriko zelaiko gehienezko edukierari dagokionez, %20koa izango da, hau da, 160 pertsonakoa. Tribuna Nagusian, gehienez, 80 zale egon ahal izango dira, eta gainerakoak Lehentasunezko Tribunan egongo dira. Eta, logikoa den moduan, zelairatutako ikusleak elkarrengandik bananduta egongo dira, segurtasun distantzia errespetatuz.
Klubak azaldu duenez, “Laudio Kirol Klubeko bazkideei emango zaie lehentasuna”. Derigorrezkoa izango da musukoa denbora guztian eramatea, eta debekatuta egongo da jatea. Gainera, taberna itxita egongo da. Horrez gain, tenperatura kontrola egingo da.
Neurri hauek datorren asteazkenean jarriko dira martxan, hilaren 25ean, denboraldiaurreko partiden testuinguruan. Izan ere, egun horretan jokatuko du lehenengoa CD Laudiok, Ugaoren aurka.