Jardueraz betetako asteburua izan da honakoa Laudion. Udalak hainbat ekitaldi antolatu ditu KultUda programazioaren barruan. Hain zuzen ere, igandea -abuztuak 29- izan zen ekintza gehien bildu zituen eguna.
Herriko abesbatza taldeek girotutako meza batekin hasi zen, Laudioko Jaietako Kofradia Eguna izan beharko litzatekeena. Eguerdian buruhandi eta erraldoiak atera ziren plaza erdira. Kalejiran ateratzeko aukerarik izan ez zuten arren, Galtzagorri koadrilako kideek buruhandien azpian gordetzen diren sekretuak argitu zizkieten Herriko Plazan elkartutako haurrei.
13:00etan San Roke Udal Musika Bandak jendetza batu zuen Aldai Plazan. Queen musika talde ezagunaren abestietan oinarritutako abestiez osatutako emanaldia eskaini zuen bertan.
Arratsaldean zaldi proben bigarren jardunaldia jokatu zen udal probalekuan. Igandekoan hiru izan ziren euren zaldiekin lehiatu ziren bikoteak.
Eguna borobiltzeko, Malen Atxa igo zen Herriko Plazako oholtzara. Herritar ugari hurbildu ziren sortzaile gaztearen emanaldiaz gozatzera. Matx sortzaile gazteak duela hilabete gutxi eskaini zuen bere estreinako kontzertua, eta hilabete hauetan zehar hainbatetan igo da eskualdeko agertokietara.