Atrapado en los 90 reality-an parte hartu duzu. Nola sortu zitzaizun bertan aritzeko aukera?
Sare sozialetan ikusi nuen iragarkia, lagun batek bidali zidan. Marka garrantzitsu batek 18-25 urte bitarteko pertsonak bilatzen zituen spot baterako, hainbat profiletakoak: abeslariak, bidaiariak, sukaldaritza-zaleak, tik-tokerrak, gamer-ak... Gran Hermano programaren castinga zeraman enpresa bera zegoen spot honetako hautaketa prozesua bideratzen, McCann. Bideo bat eta argazki batzuk bidali nituen maiatzean, nire burua aurkezteko. Asko gustatu zitzaiela esan zidaten, baina agentzia sortzailearekin aztertu behar zutela gehitu zidaten. Proiektu honek, berez, hiru adar zituen: ekoiztetxea (programa egiteaz arduratzen dena), sormen agentzia (spotaren ideia garatzen duena) eta bezeroa (Ikea). Ni ekoiztetxeak hautatu ninduen eta agentziak proposamena onartu zuen gero, eta Ikeari nire profila gustatu zitzaion.
"Asko gustatu zitzaien selfie-kin egiten dudana. Egunero ateratzen diot argazki bat nire buruari"
Asko gustatu zitzaien selfie-kin egiten dudana. Egunero ateratzen diot argazki bat nire buruari, duela zortzi urtetik hona. Hasieran ez ziren oso ikusgarriak, Batxilergoko 2. mailan nengoelako. Baina bidaiatzen hasi ahala selfie ikusgarriak egiten hasi nintzen, Txinako Harresi Handian edota Machu Pichun, esaterako. Horrek ere deitu zien arreta.
Nolakoa izan zen grabaketa?
Guk ez genekien zer grabatzera gindoazen, ezta nortzuk joango ginen ere. Azken egunean esan ziguten Ikearentzako zerbait egitera gindoazela eta etxe batean elkarbizitzen egongo ginela, 24 orduz inkomunikatuta.
Laburra izan zen grabaketa, aste bat baino gutxiago iraun zuen, baina atsegina izan zen. Ni nintzen partaide guztien artean ezezagunena, ez naizelako batere ezaguna. Gainontzeko partaideek agenteak zituzten. Animalizek, adibidez, 7 milioi jarraitzaile baino gehiago ditu TikToken. Thanixek ere 4 milioi jarraitzaile ditu eta bideo-jokoei buruzko streaming-ak egiten ditu. Gemmak 300.000 jarraitzaile ditu YouTuben eta abesti bat plazaratu du. Davidek Cuatro kateko reality batean parte hartu zuen. Mia, aldiz, oso pertsona ezaguna da Madrilgo LGTB munduan.
Programara sartu eta jende hori guztia ikusi nuenean harritu egin nintzen, ez nekien nola iritsi nintzen ni horraino (barreak). Baina, behin iritsita, aurrera jarraitzea erabaki nuen, horrelako aukerak ezin direlako alferrik galdu.
Oso esperientzia dibertigarria izan zen. Etxean sartzean 1990. hamarkadan girotua zegoela ikusi genuen. Ez genuen espero, Ikearen estiloko toki bat izango zela uste genuelako. Orduan azaldu ziguten aurten 25 urte betetzen direla Ikea Espainiako Estatura iritsi zenetik, eta gu, 25 urte edo gutxiago ditugunez, ez dugula “Ikearik gabeko mundu bat” ezagutu. Programan zehar hainbat proba egin behar genituen, eta Ikearen produktuak jasotzen genituen sari moduan, gure egonaldia atseginagoa izateko.
Erabat inkomunikatuta geunden, mugikorrik gabe. Baina grabatutako saioak oso azkar doaz. Gauza asko bizi izan genituen eta oso dibertigarria izan zen, baina Ikearen helburua bere markaren promozioa egitea da. Azken finean, publizitate spot bat da grabatu genuena.
Alde handia dago pantailan ikusten denaren eta zuek bizi izan zenutenaren artean?
Ez. Eurek ez ziguten inolako jarraibiderik eman. Etxera sartu ginenean ez genekien nora gindoazen. Ahots bat zegoen, argibideak ematen zizkiguna, baina ezer gehiago ez. Erabat erreala izan zen bertan bizi izan genuena.
Egia da gero 5 eguneko esperientzia hura 4-5 minutuko 8 ataletan laburbildu dutela. Egonaldi osoa 40 minutu ingurutan laburbildu dute. Gauzak hala, oso azkar doa dena. Baina logikoa da horren bideo laburrak egitea, gaur egun oso zaila delako jendearen arreta denbora luzez bereganatzea.