Nola animatu zinen Ikastolen Elkarteak antolatutako komiki lehiaketan parte hartzera?
Ikastolako webgunean ikusi nuen iragarrita Ikastolen Elkarteak antolatutako komiki lehiaketa, oso ideia interesgarria iruditu zitzaidan eta marrazteari ekin nion. Oso gustuko ditut komikiak eta marraztea. Hilabete eta erdi egon nintzen guztia prestatzen. Tartean gure plastika irakasleak kurtso guztia animatu zuen parte hartzera, ordurako nik nahiko aurreratua nuen lana.
Komikiak aurkeztu genituen eta nireak lortu zuen lehenengo postua. Komikia zuri-beltzean aurkeztu behar zen eta saria Dani Fano marrazkilariarekin elkartzea eta egindako komikia koloreztatzea eta argitaratzea izan zen. Datozen hilabeteetan aterako da argitara.
Nola dokumentatu zara Amaiurko gazteluaren setioaren inguruan?
Lehiaketaren oinarriekin batera Amaiurko gazteluaren inguruko informazioa jarri zuen Ikastolen Elkarteak eskuragarri. Nik interneten informazio gehiago bilatu nuen, gaian sakondu eta gidoi garatuago bat osatu nahi nuelako. Ez nuen istorio sinple bat idatzi nahi, non Amaiurko gazteluko pasarteak modu orokorrean eta kronologikoan kontatuko nituen. Pertsonaiak jarri nahi nituen erdigunean.
Lau orrialde aurkeztu ahal genituen soilik, ez zegoen pertsonaien emozioak garatzeko espazio nahikorik, baina gutxienez irakurlearen eta protagonisten arteko lotura txiki bat nahi nuen garatu, kontakizuna errealagoa izan zedin.
“Gaztelarrek Amaiurko gaztelua nola hartzen duten azaltzen dut komikian”
Gauzak horrela hiru pertsonaia garatu nituen, garaiko pertsona errealetan oinarrituak hirurak: Amaiurko gazteluko kapitain nafarra eta Gaztelako armadako beste bi pertsonaia. Garaiko janzkera nolakoa zen jakiteko ere informazioa bilatu nuen, ahalik eta zehatzena izatea zen nire helburua.
Setioaren zein pasarte kontatzen du komikiak?
Amaiurko gazteluan zeuden pertsonek Gaztelako armadaren aurka eustea lortu zutela irudikatu nahi izan dut. Kuantitatiboki askoz gutxiago izan ziren arren, gaztelarrek ez zuten hain erraz menderatu gaztelua. Lau orrialdetan banatu dut istorioa: lehenengo orrian gaztelarrek setioa prestatzen dute, bigarrenean nafarrek eutsi egiten diote erasoari, hirugarrenean zailtasunak hasten dira eta azkenegoan gaztelarrek Amaiurko gaztelua nola hartzen duten azaltzen dut.
Ze teknika erabili duzu komikia marrazteko?
Nik digitalki egiten dut lan, eta horretarako tableta grafikoa erabiltzen dut. Lehenengo urratsa biñeteak zeintzuk izango diren argi izatea da, hasieratik amaierara. Inportantea da ere biñetak irakurlearentzako logikoa izango den orden batean jartzea. Hezurdura hori ezinbestekoa da prozesuarekin jarraitzeko.
Ostean zirriborroa egin nuen, eta behin biñeta guztien konposizioa bukatuta, detaile txikiei heldu nien: begiren bat ondo ipini, ilea ondo marraztu... Bukatzeko zirriborroa birpasatu beharra dago, marra garbi bat utziz, hori izan zen niretzako zatirik zailena. Behin hori bukatuta, onomatopeiak txertatu eta kolore gris eta beltzarekin margotu nuen. Horrela esanda erraza dirudi baina oso prozesu luzea da. Orain koloreztatu egin dut eta laster argitaratuko da Ikastolen Elkartearen aldizkarian.
Dani Fanorekin egoteko aukera izan duzu, nolakoa izan da esperientzia?
Oso interesgarria. Nik ez nuen ezagutzen. Lehiaketako epaimahaiko kidea zela irakurri nuenean hasi nintzen berari buruzko informazioa bilatzen.
Arratsalde oso bat pasa nuen berarekin. Komikia nola hobetu azaldu zidan, biñeta batzuk nola hobetu... Oso esperientzia aberasgarria. Asko motibatu ninduen hain ondo marrazten duen eta profesionalki komikigintzara dedikatzen den norbait pertsonalki ezagutzeak.
“Ondo ala gaizki egin, edonork disfrutatu dezake marrazteaz. Uste dut barruan duguna askatzeko modu polita dela”
Denbora asko dramazu marrazten?
Txikitatik erakarri nau marrazteak. Txikia nintzenean ez nintzen bereziki marrazkilari ona, baina praktikatuz eta praktikatuz lortu dut gaur egun dudan maila. Autodidakta naiz. Ilustrazio digitala ere nire kabuz ikasi dut, YouTubeko bideoen laguntzarekin. Hau da komiki bat egiten dudan lehenego aldia, asko gustatu zait esperientzia eta uste dut jarraituko dudala komiki gehiago sortzen eta teknika hobetzen. Ez dut nire burua honetan lan egiten ikusten gaur gaurkoz, nork daki, baina nahiko nuke komikia erabili nire istorio propioak kontatzeko, barruan dudana askatzeko.
Zer uste duzu behar dela ondo marrazteko?
Askotan entzuten da ondo marraztea berezeko talentu bat dela eta ez nago batere ados, praktikatzea da muina. Edonork disfrutatu dezake marrazteaz, interesa eta gogoa jartzea besterik ez da behar, eta marrazteari denbora eskaintzea. Uste dut oso modu polita dela norberak bere barruan duena islatzeko, eta nahiko nuke jende gehiagok marrazte, proiektu interesgarri eta ederrez gozatu ahal izateko.