Duela hamarkada bat baino gehiago hasi zinen musika elektronikoaren munduan. Ordutik hona hainbat musika estilo jorratu dituzu. Nola laburbilduko zenuke zure ibilbidea?
Oso anitza eta etengabea. Elektronikarekin hasi nintzenean, duela 11 urte, oso itxita nengoen soinu honetara, eta ez nuen Technoa ez zen beste estiloei buruz ezer jakin nahi. Baina urte hauetan zehar jende, kultura, herrialde, musika eta giro ezagutu asko ditut, eta nire burua irekitzen lagundu didate, ez bakarrik musikalki, baita mentalki ere.
Uste dut garrantzitsua dela ezagutzen duguna baino pixka bat urrunago joateko lan egitea. Interesgarria da, musikaz gain, beste gizarte eta kultura batzuetan gauzak nola bizi dituzten ulertzen saiatzea, edo, behintzat, hori deskubritzeko nahia izatea.
Nola definitituko zenuke orain jorratzen duzun musika estiloa?
Uste dut ezingo nituzkela nire sesioak musika estilo batera murriztu. Saio berean estilo desberdinak nahastea gustatzen zait. Denboraldiz denboraldi. Oraintxe bertan techno eta afrikar musika nahasten ari naiz, baina bihar auskalo.
Hau da DJ gisa dudan ezaugarri nagusia: ez dut musika estilo zehatzik. Nire saioak entzutera eta dantzatzera etortzen den jendea harritzea gustatzen zait, eta aurrez ezagutzen ez dituzten musika estiloak ezagutaraztea.
“Hau da DJ gisa dudan ezaugarri nagusia: ez dut musika estilo zehatzik”
Trap musika jorratzen hasi zinen duela zenbait urte, musika mota hori ospetsua bilakatzen hasi baino lehen. Nola bizi izan duzu estilo horrek izandako eztanda?
Egia esan, trap musikarekiko maitasun zein gorrotoa dut. Musikalki asko gustatzen zait, egia da. Asko gustatzen zait transmititzen duen energia eta hip hopari eman dion ukitu elektronikoa. Egia da nire bizitzako garai batean nire DJ sesioetan oso presente egon zen musika estilo bat izan zela, Fever Bilbaoko Trap Avenue jaiak antolatzen genituenean (musika estilo horren alde egin zuen Bilboko lehen musika kluba), baina ez dut inoiz %100ean bizi izan. Ez kulturak, ez mezuak, ez transmititzen duen bizimoduak ez naute ordezkatzen eta ez dago nire egunerokotasunean presente. Kontsumitzen dudan musika da, bai, baina ez naiz kultura horren parte.
Hego Amerikan ibilitakoa zara. Zer nolako esperientzia izan da hori eta zer nolako eragina izan du zugan sortzaile gisa?
Bai, Argentinan bizi izan naiz urtebete, Perun 2 urte, eta Latinoamerikako beste herrialde batzuetatik bidaiatzeko aukera izan dut azken urteotan. Esperientzia horrek beste kultura, giro eta musika estilo batzuk ezagutzen lagundu dit, baina, batez ere, pertsonek bertan musika eta dantza nola bizi dituzten ulertzeko balio izan dit.
Musika eta dantza txikitatik elkartuta bizi dute toki horietan. Ezinezkoa da musika eta dantzatik at bizitzea. Hori asko nabaritzen da festa edo diskoteka batera joaten zarenean, mundu guztia dantzan ari delako. Pentsaezina da diskoteka batera joan eta barran geratzea. Latinoamerikan, ia behartuta, dantza egin behar duzu.
“Trap musikarekiko maitasun zein gorrotoa dut”
Gainera, musikalki hemen baino irekiagoak dira. Euren folklorea eta musika tradizionala maite dituzte, eta guztiak batzen dituen gauza da, baina oso irekita daude musika estilo berrietara. Elektronika jaietara joaten den jendea reggaeton jaietara joaten da ere. Kumbiako festetara joaten den jendea ere joaten da rock kontzertuetara. Eta oso garrantzitsua den gauza bat: inor ez da musikaz kexatzen eta inork ez dio DJari musika aldatzeko eskatzen.
Hemen oso banatuta gaudela uste dut, eta badirudi gauza bat gustatzen bazaizu, ezin zaizula bestea gustatu. Azkenean, horrek eragiten du beti jende mota berarekin elkartzea, leku berean eta giro berean. Horregatik, nire saioetan musika estilo desberdinak nahasten ditut beti, giro ezberdinak elkartu eta normalki espazio berean dantzan egongo ez litzatekeen jendea dantzan ikustea gustatzen zaidalako.
Bost urte igaro dira POSTMO Cultura egitasmoa sortu zenuenetik. Zertan datza eta zer nolako bilakaera izan du orain arte?
POSTMO Cultura EHUn Gizarte Antropologiako gradua amaitzen ari nintzela hasi nuen proiektua da.
Beti izan naiz kultura eta joera berriak aurkitzeko kezka handia izan duen pertsona. Telebistan edo irratian erakusten digutenaz harago joatea gustatu zait beti. Interneten nabigatzen ari nintzela, egunero ikusten nuen artista interesgarrien lana, bai tokian-toki, bai nazioartean Zerbait sortu behar nuen informazio guzti hori partekatzeko. Gainera, ipurdi urduria izan naiz beti, eta aitzakia bat behar nuen buruan nituen proiektu eta ideia guztiei forma ematen hasteko. POSTMO aitzakia perfektua izan zen.
“Nire lana esperientziak eta espazio artistikoak sortzea da, beste pertsona batzuen lanetik abiatuta”
Musika sortzaile gisa hasi zinen, baina POSTMO Culturan hainbat diziplina uztartu dituzue. Bilakaera naturala izan da?
Bai, bilakaera naturala izan da. Urte hauetan zehar, jende guztiari eta ezagutu ditudan artista guztiei esker, lehen ezagutzen ez nituen gauza asko ikasi eta aurkitu ditut.
Azkenean, gauza batek bestea dakar. Jende berria ezagutzeak eta artista desberdinekin lan egiteak aukera ematen dizu gauza berriak deskubritzeko, probatu nahi izateko eta sortzeko.
Artea eta sormena prozesu indibidualtzat hartzen duzu, edo prozesu kolektibotzat?
Nire kasuan, prozesu kolektiboa da %100ean. Azken finean, ni hautatzailea naiz eta nire lana beste pertsona batzuen lan artistikoaz elikatzen da erabat. Nire musika-saio guztiak nik ekoitzi ez ditudan abestiek osatzen dituzte, eta POSTMO gisa antolatzen ditudan ekitaldi guztiak beste artista batzuen parte hartzearekin sustatzen dira.
Nik ez dut musikarik sortzen, ez margorik, ez argazkirik, ez diseinurik. Nire lana esperientziak eta espazio artistikoak sortzea da, beste pertsona batzuen lanetik abiatuta.
Zer proiektu dituzue une honetan esku artean POSTMO Culturan?
Oraintxe bertan, udazken-negurako 2021 denboraldirako arropa “tekniko-ravera” bilduma bat sortzeko lanean ari naiz, The Gooogpeople markarekin elkarlanean, baina hau oraindik sekretua da.
COVID-19aren pandemiak zer nolako eragina izan du zure egunerokoan?
Lan-arloan, denbora gehiegi eman dut etxean, sortu eta antolatu nahi ditudan gauzetan pentsatzen. Ezinezkoa izan da gauza horiek martxan jartzea, murrizketen erruz. Pandemia amaitu eta dena apur bat normalizatzen denean proiektu asko ditut martxan jarri nahi ditudanak.