KulturLab espazioa estrenatu duzu, zer nolako esperientzia izan da?
Oso esperientzia aberasgarria eta dibertigarria izan da. Asko disfrutatu dut hemen proiektua garatzen. Banuen gogoa espazio askeago batean proiektu bat garatzeko.
Azken erakusketa Eremuakekin egin nuen, Balmasedako Horkasitas jauregian eta bertan sortutakoari heldu eta erakusketa berri bat egiteko gogoa piztu zaitzaidan.
Orain arteko erakusketetan egindakoaren kontrakoa egin dut hemen, edo hori bilatzen saiatu naiz. Nik normalean bideoa ekoizten dut eta gero bideo hori eutsiko duen oinarri bat bilatzen hasten naiz. Laudioko Parkean kontrakoa egin dut, beste noranzkoan abiatu dut lana. Erakusketa zaharretan baliatutako materialak hartu eta horiek kokatu ditut aurrena espazioan. Behin hori eginda txertatu dut bideoa. Oso prozesu interesgarria izan da.
“Ez gaituzte hezten gauzekin disfrutatzeko, gauzekin egoteko”
Audioa ere baliatu duzu zure lanean, eta KulturLab-ek eskaintzen dituen moduloetan txertatu.
Bai, nire erakusketa guztietan erabiltzen dut audioa. Hemen, ordea, orain arte egin ez dudan betse zerbait egin dut ere: audioa eta musika banatu. Horretarako nire estudioko kidearen laguntza izan dut; bera musikaria da eta bozgorailuekin eta soinu pistekin ibili da ni laguntzen. Soinua obraren parte da, elementu independiente bat bezala.
Gainera, erakusketako gainerako elementuak bezala audioak ere erakusketa zaharretatik berreskuratu ditut, eta KulturLab espazioaren neurrira moldatu.
Zer da KulturLabeko moduloetan aurkeztu duzuna?
Erakusketa honetan bi bideo aurkeztu ditut, bi grabaketen artean urtebeteko diferentzia dago. Lehenengoa nire aitona-amonek argazki batean posatzeko egindako prozesu guztiaren grabaketa da. Bigarrenean aita eta ni agertzen gara paletan jolasten. Bi bideoetan hurrengo ideia jorratu nahi dut: kamerak ez duela zertan esku baten beharra grabatzeko, hots, grabatzen duen objektu autonomo bat dela. Esposaketan objektu hori ulertzen saiatu naiz, eta honen mugimenduak nola eragiten duen bukaerako irudian.
Horretarako, pala jokoaren bideoan, adibidez, palara dago lotua kamera zuzenean eta honen mugimenduak jarraitzen ditu. Aitona-amonen bideoan uhaletik eusten dut kamara eta prespektiba horretatik grabatzen dut eszena guztia.
Honekin guztiarekin bigarren ideia batean sakondu nahi nuen ere, eta, hain zuzen ideia horren inguruko artikulua argitaratu nuen Eremuak aldizkarian: nola ekidin jendeak kamera baten aurrean posatzea? Grabaketetan konplizeak bilatu nahi ditut nik, eta ulertzen dut posatzea zure gorputzaren jarrera beste pertsonaren begietara makurraraztea dela. adoktrinatzea. Horrela esanda oso gauza abstraktua dirudi, baina gure egunerokoan askotan topatu ditzakegu horrelako egoerak. Izan ere, horixe bera gertatzen da Laudioko Malekoian adibidez, jendeak posatu egiten du; bere gorputzaren jarrera besteen begien mesedetara jarri. Oso gauza kuriosoa iruditzen zait.
“Nik eskultura egiten dudala esaten dut. Izan ere, eskultura, funtsean, espazio bat sortzea da, eta hori da KulturLaben egin dudana”
Esan genezake ikus-entzunezkoak direla zure obraren oinarria?
Ez dut uste. Bideoak edo audioak lantzeak ez du esan nahi hori dela erakusketaren muina. Ni unibertsitatean eskulturan espezializatu nintzen, hori dut gogoko. Nik eskultura egiten dudala esaten dut. Izan ere, eskultura funtsean espazio bat sortzea da, izan betea edo hutsa, baina espazio bat finean. Hori da nik bideoarekin, audioarekin eta dozenaka objekturekin sortzen dudana: espazio bat.
Bideoa erakusketarekiko ditudan beharrak biltzen dituen tresna baino ez da, erreminta bat. Egia da urte hauetan guztietan ohartu naizela ezin dudala bideoa kendu nire obretatik, baina bideoa bera ez da helburua.
Gustora geratu zara egindako lanarekin?
Bai. Laudioko Lamuza Parkean erakusketa egiteak badu zerbait Bilbon egiteak ez duena. Bilbon normalean publiko espezializatua da hurbiltzen dena, eta horrek, nolabait, mugatu edo presioa sortzen dizu, bestearen begietatik ikusten duzulako zure obra. Hemen, ordea, askeago sentitu naiz. Gehiago sortu dut nigan pentsatzen eta hori finean askoz erakargarriagoa da publikoarentzako ere. Zama gutxiago izan dut hemen, baina badakit oraindik askoz gehiago egin dezakedala, askeago sortu. Badakit oraindik irudi bati erantzuten diodala, baina KulturLabek urrats bat gehiago emateko aukera eman dit. Erakusketa bukatu nuenean dena beltzez estaltzea otu zitzaidan, ezer ez zedin ikusi, baina ez nuen egin. Horregatik badakit oraindik asko dudala emateko etorkizuneko erakusketetan.
Uste duzu sorkuntza artistikoak merezi duen errekonozimendua daukala?
Uste dut heziketa-estetikoa falta zaigula. Ez gaituzten hezten gauzekin disfrutatzeko, gauzekin egoteko. Beti dugu ulertzeko beharra, ez gara gai ulertzen ez dugun zerbaitekin disfrutatzeko. Gauza asko gertatzen dira eta ez dute bestelako azalpenik behar.
Sorkuntza artistikoa eta sortzaileon lana ez da kontuan hartzen. Horren adibide argia dira sortzaileon lan baldintza prekarioak.