Laudioko EH Bilduk proposamenak eta berrikuntzak aurkeztu ditu hasi berri den 2022ko ordenantza fiskalen eztabaidari begira, udal diru-sarrerak "modu justu" batean handitzeko helburuarekin.
Zentzu horretan, Laudioko Udalaren titulartasun lurretatik barrena garraiatzen den goi-tentsioko elektrindarragatik tasa berri bat kobratzea proposatu du opozisioko taldeak. Era berean, hutsik dauden etxebizitzen Ondasun Higiezinen Gaineko Zerga zamatzea planteatzen du, alokairuaren prezioa merketzeko asmoz.
Santi Hernando EH Bildu Laudioko zinegotziak hala azaldu du: “testuinguru orokorra kontuan hartu dugu beti gure proposamena egiteko. Azken asteotan eman den KPIaren igoera ikusita, bestelako irizpide bat jarraitzea planteatu dugu”.
Bestalde, gaur egun indarrean dauden hobariak handitzea proposatu du EH Bilduk, "gehien daukanak gehiago ordain dezan". Gainera, zergek eta tasek emakumeengan duten eragina aztertzeko eta eremu horretan hobekuntzak proposatu ahal izateko, Berdintasun legeak udal fiskalitatearen gainean agintzen duen genero-inpaktuaren txostena egitea eskatu du taldeak.
Halaber, Udal Gobernuak bere programan gazteei begira Ondasun Higiezinen Gaineko Zergan iragarri zituen hobariei buruz galdetu du alderdiak, baina Udal Gobernuak azaldu du legeak ez duela horrelakorik onartzen.
“Udal diru-sarrerak handitzea dugu helburu, beti ere, kalitatezko zerbitzu publikoak bermatzeko asmoz eta modu justuan eginda”, azaldu du Hernandok.