Arabako Foru Aldundiak 3 milioi euro inbertituko ditu Kultur etxearen zaharberritzean

Aimar Gutierrez Bidarte 2021ko ira. 14a, 12:50

Lamuza Parkeko kasinoan aurkeztu zituzten atzo zaharberritze proiektuaren oinarriak. / AFA

Atzo aurkeztu zuen Arabako Foru Aldundiak Lamuza Parkeko jauregiaren barnealdea zaharberritzeko oinarrizko proiektua. Guztira 3 milioi euro inbertituko ditu erakundeak, eta espazioa irisgarria bilakatzea izango du helburu. Proiektua gauzatzeko obrak 2022an lizitatu eta esleituko dituzte.

Prentsaurrekoa eskaini zuten atzo Laudioko Lamuza Parkeko kasinoan Cristina Gonzalez  Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapeneko eta Foru Administrazioko foru diputatuak eta Gaizka Camino Arkitektura Zerbitzuaren buruak. Lamuza Jauregiaren barnealdea zaharberritzeko proiektuaren oinarriak aurkeztu zituzten bertan.

Eraikinaren funtzionaltasuna eta irisgarritasuna hobetzea dira atzo aurkeztutako esku hartzearen helburu nagusiak, beti ere jauregia irakaskuntza eta kultura zentro bezala mantenduz.

3 milioi euroko inbertsioa

Aldundiak 3 milioi euro inbertituko ditu, ia 4.000 metro koadroko azalera duen erakinaren barnealdeko zaharberritzea gauzatzeko. Inbertsio horri gehitu behar zaio iaz gastatutako 2,8 milioi euroko partida, fatxada zaharberritzeko egindako esku hartzera bideratu zena.

“Lamuza Jauregia berritzen guztira 6 milioi euro inbertituko ditugu bi fasetan, Laudioko herritarrek hezkuntza eta kultura jardueretarako zentro gisa erabil dezaten erosotasunez, irisgarritasunez, praktikotasunez… eta, gainera, bertako elementu baliotsuenak gordetzeko mimoz zaharberritutako eraikin historiko batekin harro egon daitezen ", azaldu du Cristina Gonzálezek.

Obrak 2022an lizitatu eta adjudikatuko ditu Arabako Foru Aldundiak

Besteak beste, erakinaren banaketa funtzionala ahalbidetu nahi du Aldundiak. Horretarako, jauregiko hegalak mutur batetik bestera lotuko dituen korridore berri bat eraikiko dute. Gainera, irisgarritasuna mantentzeko zoladura aldatu, arrapala txikiak eraiki eta hainbat espaziotako kotak jaitsiko dituzte.

Areto eta eraikin desberdinen artean sarrera berriak egingo dituzte, hala nola, Gaztetxea kokatuta dagoen kapera zaharraren eta kultur etxeko sarrera nagusiaren artean. Igogailu berriak instalatuko dituzte gainera, baita komun guztien irisgarritasuna bermatu ere.

Era berean, elementu apaingarriak ere zaharberrituko dituzte, eta ikasgela eta aretoetako azpiegiturak (instalazio elektrikoak, iturgintzakoak, segurtasunekoak edota berokuntzakoak) hobetuko dituzte.

Obrak 2022an

Foru Gobernuak datozen asteetan aterako ditu oinarrizko proiektua garatzen duen gauzatze proiektuaren idazketa lanak. Obrak 2022an lizitatu eta esleitu nahi dituzte.

Arabako Foru Aldundiak Laudiorekin eta Aiaraldearekin duen konpromisoa nabarmendu nahi izan zuen Cristina Gonzalezek atzoko prentsaurrekoan: “Aurreko legegintzaldiaren hasieran, 2015ean, hartu genuen Lamuza parkeko eraikuntza historikoak Laudioko herritarrentzat lehengoratzeko konpromisoa, gune hori hiriko gizarte eta kultura jardueraren eragile bihurtzeko, baita Aiara bisitatzen dutenentzako turismo erakargarri ere. Konpromiso hori bete egin da gaur”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide