Aiaraldeko abeltzainek, harakinek eta zenbait kontsumitzailek Hiltegia Ez Itxi plataforma sortu zuten iragan astean, Laudioko azpiegituraren etorkizunaren alde egiteko helburuarekin.
Larunbatean burutu zuen plataforma sortu berriak bere lehenengo ekintza publikoa; elkarretaratzea egin zuten Laudioko Herriko Plazan hiltegia berriro irekitzea eskatzeko. Dozenaka lagun batu ziren deialdira. Horrekin batera sinadura bilketa ere abiatu dute.
Aurkezpen prentsaurrekoa
Bihar -irailak 21- plataformaren aurkezpen prentsaurrekoa egingo dute Laudioko Aldai Plazan, arratsaldeko 19:00etan. Plataformaren jardunaren nondik norakoak aurkeztuko dituzte bertan, bai eta datozen astetan egingo dituzten gainerako ekimenen berri eman ere. Abeltzain eta nekazariak antolatzeko espazio nahi du izan plataforma, eta aurrerantzean piztu daitezkeen problematika desberdinei ere erantzuteko.