Legegintzaldia bukatu aurretik abiatuko dituzte Laudioko antzokiko obrak. Proiektuak hirigintza batzordearen onespena jaso berri du, eta udalak obren lizitazioa egingo du aurki. Aurreikusitakoaren arabera, eraikuntza lanek 24 hilabeteko iraupena izango dute. Proiektuak 6 milioi euroko inbertsioa suposatuko du, eraikina bera eta ekipamendu guztia kontutan hartuta.
Behin proiektua onartuta, finantziazioa bilatzeari ekingo dio udalak.
Agora proiektua
2019an hautatu zuen udalak Javier de las Heras Solér arkitekto kataluniarraren lana udalerriko antzokia egikaritzeko. Espazioak 450 eserleku izango ditu, baina erdiguneko aulkiak kendu eta 700 lagunentzako edukiera izatera iritsi daiteke. Gainera, 15 eserleku aniztasun funtzionala duten pertsonentzako erreserbatuta egongo dira.
Antzokiak 450 eserleku izango ditu, baina erdiguneko aulkiak kendu eta 700 lagunentzako edukiera izatera iritsi daiteke
Akustikari arreta berezia eskainiko diote; soinua egokia izan dadin, Donostiako Musikeneko emanaldi aretoa diseinatu duen Gasteizko enpresak parte hartu du honen proiektuan ere. Horretarako, zeresan handia izango dute erakintza prozesuan erabiliko diren materialek: egurra, altzairua eta kristala nagusiki. Fatxada beirate handiekin estalia egongo da.
Eraikinak hiru solairu izango ditu eta 1.700 metro koadro erabilgarri. Herritarren erabilerara zabalik egongo den plaza bat barnebiltzen du proiektuak, baita taberna zerbitzua ere, antzokia itxita dagoenean ere funtzionamenduan egongo dena. Oholtzadun aretoaz gain, barrualdea azpiegitura desberdinek osatuko dute: langileentzako aldagelak, kamerinoak, komunak, kontrol gunea edota atari zabal bat.
Aparkaleku berria
Irisgarritasuna hobetze aldera, inguruan aparkaleku berri bat eraiki nahi du udalak, Ander Añibarro alkateak aurreratu zuenez. Gaur gaurkoz aparkaleku berri honen kokaleku posibleak aztertzen ari da Udal Gobernua, eta hurrengo hilabetetan emango dute proiektu horren berri.