Laudioko Udal Hiltegiaren itxiera

“Landa eremua arriskuan jartzen du hiltegiaren itxierak”

Aimar Gutierrez Bidarte 2021ko ira. 24a, 06:00

NATXO URKIXOk (Laudio, 1960) zortzi urte eman ditu Laudioko alkatetzan eta ondo ezagutzen du hiltegiaren kudeaketa. Zerbitzua herrian izateak dituen onuretaz mintzatu da Aiaraldea Komunikabidearekin.

Nola heldu zenioten zuen bi legealdietan hiltegiaren kudeaketari?

2011n alkatetza lortu genuenean PSE zegoen Eusko Jaurlaritzan. Garai hartan gobernuko albaitari eta teknikari asko hiltegia itxi nahian zeuden. Guk aholkularitza bat hartu genuen, eta Jaurlaritzarekin bilera batzuk egin ostean zabalik mantentzea lortu genuen.

Bilera horietan adostu genuen abelgorriak eta arkumeak soilik  sakrifikatuko zirela bertan, eta hainbat azpi-produkturen kudeaketa alde batera utzi zen; tripakiak esaterako. Oraindik ere hobekuntza asko zeuden egiteke. Udalak inbertsio batzuk egin zituen makinaria eta azpiegitura berritzeko, eta Emusan enpresak ere bere gain hartu zituen horietako asko, makinariari dagozkionak esaterako. Udaletik oso harreman ona mantendu izan dugu  kudeatzailearekin, beti adierazi du gauzak hobetzeko prestasuna, eta zerbitzu teknikoek ez dute inolako arazorik topatu inoiz.

"Badirudi bertan behera geratuko dela epaiketa. Hori susmatzen dugu pasatako denbora guztia dela eta"

Zer gertatu zen 2019ko udan?

Legealdia bukatzear zela odol isuria egon zen hiltegian. Ertzaintzak ofizioz abiarazi zuen ikerketa bat eta Ander eta biok ikertuak izaten ari gara ustezko naturaren aurkako delitu batengatik. 2021eko maiatza aldera eskatu genuen epaiketaren suspentsioa baina oraindik ez dugu erantzunik, badirudi bertan behera geratuko dela dena. Hori susmatzen dugu pasatako denbora guztia dela eta.

Nola ikusten duzu gaur egungo egoera?

Nire iritziz udala hiltegia ixteko aitzakia baten atzetik dabil. Horregatik uste dut itxiera hau erabaki politiko bat dela. Hasieran odol isuri bat egon zela  zioten, baina demostratu da ez zela isuririk heldu errekara. Gero, kudeatzaileak baldintzak betetzen ez zituela defendatu dute. Azkenik galera ekonomikoak sortzen dituela argudiatu dute.

Kontu honetan kaltetuenak ekoizleak dira. Gure eskualdeko  ustiategiak enpresa txikiak dira,  abeltzain gutxik osatuak. Urrutira joan behar badute abereak sakrifikatzera ezingo dute negozioarekin jarraitu. Kilometro zero kontzeptuaren aurkakoa da. Gainera, ez hori bakarrik, gure eskualdeko larre eta mendiak abereek moldatuak dira, hauek gabe landa eremua  eta gure ingurune naturala daude arriskuan. Baserrigintza sustatzea onura kolektiboa da, herritar guztiona.

Hiltegiak badu etorkizunik?

Behar beharrezkoa da zerbitzua Aiaraldearentzako. Tokia egokia ez bada bila dezagun beste orube bat hiltegirako, baina zerbitzua mantendu behar da. Udalak badu inbertsioak egiteko ahalmena, ez dakit zeren beldur diren. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide