Araba Euskaraz jaia antolatu ostean, erronka berri bati helduko diote Laudio Ikastolako kideek. Hezkuntza zentroak 50 urte beteko ditu ikasturte honetan, eta urtemuga hori antolatzeari ekingo diote datozen asteetan.
Urriaren 23rako jarri dute lehen zita. Bilera egingo dute 10:00etatik 13:00etara, urtemugari begira osatu nahi duten ekinza programa disenatzen hasteko.
“Ikasle, ikasle ohi, guraso eta langile” orori luzatu diete bertan parte hartzeko gonbita. Hala ere, aurretik izena emateko deia zabaldu dute, “topaketa behar bezala antolatu ahal izateko”. Ikastetxearen webgunean bete daiteke formularioa.
Lehen erronka zehaztua dute dagoeneko: ikastolako hezkuntza komunitateko kideak izan diren pertsona guztiei ospakizunean parte hartzeko gonbidapena zabaltzea. “Izan ere, Laudio eta inguruko herrietako 2.000 familiatik gora inplikatu da Ikastolaren proiektua sustatzen 1971-2021 tartean, eta ibilbide horretan Hezkuntzako ehunka profesionalen lanak 2.500 ikasle ohi inguruko taldea hornitu du, aurten Derrigorrezko Hezkuntza amaituko duen 40. promozioarekin eta Batxilergoko 29.arekin osatuko dena”.