ERREPORTAJEA

Kulturak Laudion lekua izan dezan

Aitor Aspuru Saez 2021ko urr. 9a, 16:34

KulturLab espazioa sortu dute, proiektuaren aintzindari. Aiaraldea.eus

Kulturzaleak elkarteak une erabakigarriak bizi ditu aste hauetan. Izan ere, Arabako Foru Aldundiarekin zein Laudioko Udalarekin daude harremanetan Lamuza parkea kultura sorkuntzaren epizentroa bilakatu dadin.

Kulturzaleak elkartearen erroak sakonak dira eta 2013an ekin zion hazteari. Urte horretan herritarren haserreak goia jo zuten Lamuza parkeari zegokionez. Musika Etxea zein Kasinoa erortzen ari ziren zatika eta, oro har, parkeko egoera tamalgarria zen. Testuinguru horretan, SOS Laudioko Lamuza Parkea plataforma agertu zen, erakundeei exijitzeko leku historikoa berritzeko eta konpontzeko.

Herri mobilizazioek, nola edo hala, hasierako helburuak bete zituztelako eta Arabako Foru Aldundiak konpromisoa hartu zuen parkeko ondarea modu duinean birgaitzeko. Edonola ere, protesta aro horrek hazi anitzak utzi zituen eta dozena bat lagunek erabaki zuten 2019an Kulturzaleak sortzea.

SOS Laudioko Lamuza Parkeko kideak zeuden horien artean, baita 2015ean bultzatutako Kulturaren Mapeoan eta Laudioko Kulturaren Batzarrean parte hartutako herritarrak ere.

Zentzu horretan, berebizikoak izan ziren Kulturkon jardunaldiak: “2018 eta 2019 artean egin ziren kultur jardunaldiak. Horietan Lamuza parkeak eta bertako  eraikinek dituzten kultura-premien eta erabileren aukerak aztertu ziren, eta hortik sortu ziren Kulturzaleak elkarteak orain plan eta proiektu zehatzetan zabaldu eta islatu nahi dituen ondorioak. 

Lamuza Parkea herriko kultur sorkuntzaren epizentro bilakatu nahi dute

Kulturkonen aipatutako ondorioak dokumentu luze batean bildu eta udaleko talde politiko guztiei aurkeztu ondoren, Kulturzaleak elkartearen helburua da lan egitea erakundeek eta kultur sareak neurri horiek ahalik eta gehien praktikan jar ditzaten”.

Erakundeekin tirabirak

Kulturzaleek administrazio publikoekin elkarlanean aritzeko prestasun osoa erakutsi izanak, ordea, ez du esan nahi harreman hori guztiz harmonikoa izan denik. Alderantziz, akordioak eta desakordioak etengabeak izan direla diote kultur ekintzaileek: “Laudioko kulturaren etorkizuneko garapena sakon eta ongi planifikatuta eta komunikatuta egin behar zen, baina halamoduz eramaten ari da. Kultur eragileek behin eta berriz eskatuz, eta lan nekaezinari esker, erakundeak gaiak kultur ehunarekin kontrastatzera eta lantzera bultzatzen ari direlako zerbait egitea lortzen ari da”.

Erakundeekin talkak ugariak izan badira ere, ikuspegian dute oinarria. Hori gertatzen ari da kultur planarekin: “Ematen du -oraingoz- udalak interes handiagoa duela legealdi-plan bat sortzean (4 urtera begira), kulturaren benetako plan estrategikoa sortzean baino (20 edo 25 urtera begirako ikuspegiarekin). Izan ere, Kultura Etxea bezalako eraikin enblematiko baten obrek, kultura kudeatzeko eta eztabaidatzeko foroak, edo epe luzerako plangintza estrategikoak luzaroan kultura egiteko modua baldintzatuko eta definituko dute.”

Halaber, Arabako Foru Aldundiarengana jo dute Lamuza Parkea eraldatzeko: “Kulturzaleak elkarteak proposamen zehatz bat landu eta aurkeztu die kultur sareari, ordezkari politikoei eta erakundeei, Arabako Foru Aldundiak Kultura Etxerako egindako oinarrizko erreforma-proiektua hobetzeko”.

Berez, taldearen aburuz ,pasarte historiko batean dago Laudio eta modu duinean erantzun beharko luke herriak: “Aukera paregabe baten aurrean gaudela uste dugu, hamarkada askoan behin baino ez dena gertatzen, eta ezin diogula ihes egiten utzi. Laudiok pizgarriak eta aktibazioa behar ditu, eta kultur-etxe modernoa, sortzailea, irekia, kultura eta gizarte-diziplinen arteko topagune eta bateratasun ugari dituena, kultura-ehunaren akordioarekin eta parte-hartzearekin sortua, izugarria izan daiteke”.

Horregatik, hain zuzen, animatu nahi dituzte laudioarrak, eragile aktiboak izan daitezen prozesuan: “Informazio guztia www.laudiokultura.info webgunean kontsulta dezakezue, eta lagundu eta parte hartu nahi duten pertsona guztiak webgunean aurkituko duzuen inprimakiaren bidez harremanetan jartzera animatzen zaituztegu”.

Helburu argiak

Dena den, Kulturzaleak anbizio handikoak dira eta egungo errealitatetik harago begiratzen dute. Besteak beste, euren ustez eraikinen eraberritze formal hutsetik harago joan beharra dago, aintzat hartuta parkearen eko-urbanizazioa, kultura eta botanika integratzea, parkean kultura eta aisialdia sortzeko ahalik eta jarduera gehien elkartzea edo kultur azpiegitura berriak eraikitzea, benetan dauden behar guztiak eta etorkizuneko aurreikuspenak betetzeko.

Bide beretik, taldeak defendatzen du azpiegituren irekiera: “Kultur eremuko pertsonen artean espazio komun eta topagune gehiago egon daitezen lan egitea, kultura-proiektuak garatzeko baliabide eta erraztasun gehiago egon daitezen, eta kultura-kudeaketako proposamen askotarikoagoak, irekiagoak eta parte-hartzaileagoak ere egon daitezen -non ez den beharrezkoa elkarte bateko kide izatea edo ikastaro batean izena ematea jarduera sortzaileak garatzeko”.

Etorkizuna orain: Kulturlab

Ikuspegi berritzaile horren adibidea abian jarri dute jadanik, gerori itxaron gabe. Hain zuzen, Kulturzaleek orain xede argia dute: “kultura garaikideei lekua egiteko indarra biltzea, diziplina berriei lekua eginez (arte plastikoak, ikusentzunezkoak, arte digitalak, arte eszeniko garaikideak) eta gazteenak ere proiektu honetan inplikatzen saiatuz”.

Egitasmo hori irudikatzeko Kulturlab proiektua pentsatu zuten, baina Kultura Etxeko lanek oraindik urteak iraungo dutenez, bestelako bidea topatu zuten ideia gorpuzteko: “parkean 4 itsas edukiontzi jartzeko finantzaketa eta baimenak lortu ziren, eta horiei esker proiektua garatzen ari gara”.  

Jadanik iniziatibak fruituak eman ditu eta Ander Perez eta Nerea Apodakaren erakusketak egon dira, eta urrian Mederi Ferreño artista eta bitxi diseinatzaile gaztearen lanak ikusi ahal izango dira eta, nolabait, eskualdeko ikasleen, gazteen eta sortzaileen interesgunea bilakatu da.

Olana Ibiltaria

Horrez gain, Kulturzaleak elkartea kale-animazioko eta Lamuzan Kulturaren Parke bat sortzeko proposamenaren hedatzeko jarduera bat garatzen ari da, 7x10 m-ko olana bat zabaltzean datzana, elkarteak parkearen etorkizunerako dituen ideia, behar eta proposamenei buruzko infografia bat erakutsiz 2035. urte hipotetiko batean. “Denboran zeharreko bidaia da, eta amets egiteko eta agertoki berriak irudikatzeko gonbidapena” erantsi dute elkartean. Oraingoz, olana modu ibiltarian aurkezten ari dira hilabete bakoitzeko azken arratsaldeetan ere, baina datozen hilabeteetan ekimen berriak antolatuko dira proposamen hori ezagutarazteko.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide