Lehenik eta behin, nola fitxatu zaitu Barakaldok?
CB Barakaldoko atal teknikoa Laudio BC taldearekin kontaktuan jarri zen, ezaugarri jakinak zituen jokalari baten atzetik zeuden eurekin batera aritzeko, nire ezaugarriekin bat egiten zuena hain zuzen ere. Elkarrekin kontaktuan jarri gintuzten, eta galdetu zidaten ea prest nengoen haiekin proba batzuk egiteko. Baietz esan nuen inolako zalantza izpirik gabe, eta aurre denboraldia beraiekin egin eta gero, taldearen parte izatea proposatu zidaten
1. mailan arituko zara hemendik aurrera, zer esan nahi du horrek zuretzat? Bidaiak, kategoria aldaketa...
Aldaketa oso handia kirolaren aspektu guztietan: bai alor taktikoan, bai teknikoan eta baita fisikoan ere.
Alde batetik, astean hirutan Barakaldora joan behar naiz entrenatzera, eta asteko laugarren egun bat gorde behar dut partidutarako. Hori guztia, besteak beste, Nafarroara edota Zaragozara egin beharreko bidaiak gehitu behar zaizkio. Ni, ordea, oso gogotsu nago kantxa izugarrietan jokatzeko aukera eskaintzen didatelako bidaia horiek guztiek.
Bestetik, hilabete gutxiren buruan probintzia mailan jokatzetik lehen maila nazionaleko talde batean aritzera pasatu naiz. Honaino iritsita, tamaina handiko talde nazional baten kontra jokatzea eta talde horri gola sartzea ikaragarria da. Erralitate bihurtutako ametsa da hau,pausu oso handia eman dudala pentsatzen dut pertsonalki.
Noizbait pentsatu zenuen maila horretan jokatuko zenuenik? Uste duzu asko nabarituko duzula aldaketa?
Edozein jokalarik amesten du maila handiago batean jokatzearekin. Hala eta guztiz ere ez nuen uste inoiz hain salto handia emango nuenik. Horregatik Barakaldoko proposamena jaso nuenean ez nuen inolako zalantzarik izan. Azken finean aukera hauek ez dira inolaz ere galdu behar, bizitzan behin bakarrik agertzen direlako.
Argi dago aldaketa nabarituko dudala, baina badakit eguneroko esfortzuarekin eta daukadan esperientziarekin topera gozatuko dudala, eta taldeari ahal bezain beste lagunduko diodala
Zeintzuk dira zure ezaugarriak jokalari moduan eta zein da zure postua? Zer uste duzu emango diozula taldeari?
Ezkertia naiz eskumako hegaletik jokatzen dut horregatik golak sartzeko angelurik gabe jauzian jaurti behar dut baloia. Jokalari gisa ditudan ezaugarriak kontraerasorako daukadan gaitasuna eta jaurtitzeko teknika dira. Ni jaurtitzailea naiz, zazpi metroko jaurtitzailea hain zuzen ere, penaltiak jaurtitzeaz arduratzen naiz. CB Barakaldon, ordea, konpetentzia nahikoa daukat eraso mota honetan.
Ez diet beldurrik jaurtiketa zailei ezta baloi erabakigarriei ere, hori ere bada nire beste ezaugarrietako bat, eskubaloi jokalari gisa.
Nire bertsiorik onena ematea espero dut aurkezten zaidan etapa berri honetan. Ahalik eta minutu gehien jokatzea espero dut, hori seinale hona litzake. Taldeari edozertan laguntzeko prest nago, hori da eskainiko dudan gauzarik garrantzitsuena.
Pena eman dizu Laudioko taldea uzteak? Zer botako duzu faltan bereziki?
Noski pena ematen dit, 14 urte igaro ditut elastiko berdea soinean jantzita. Lagun asko, eta bizipen gehiago uzten ditut atzean.
Une honetan Laudioko eskubaloi taldeak proiektu oso polita dauka esku artean. Jokalari gazte eta indartsuak dira gure atzetik datozenak. Oso itxura ona du eraikitzen ari direnak.
Gehien faltan botako dudana lagun artean jokatzea izango da, faltan botako ditut elkarrekin egindako barre eta txantxa guztiak.