DORI ORTIZ GIL

“Espainiako Petanka Txapelketara joan naiz, Mallorcara, Erreginaren Kopa jokatzera”

Aitor Aspuru Saez 2021ko urr. 14a, 12:00

Espainiako Erreginaren Kopan parte hartu du Ortizek. / Aiaraldea.eus

DORI ORTIZ GIL (Laudio, 1964) duela gutxi hasi da petankan jokatzen eta urtebetean sekulako arrakasta lortu du, Espainiako Erreginaren Kopan parte hartu baitu.

Azalduko diguzu zer lortu duzun berriki?

Lortu dut Espainiako Petanka Txapelketara joatea, Erreginaren Kopara, Mallorcara, hain zuzen. Gaztela eta Leongo txapeldunak izan ginen eta sailkapena lortu genuen. Ez dugu irabazi, maila oso altua delako. Nire lehenengo partida txapeldunen kontra izan zen eta izugarri onak ziren.

Dena den, ez naiz desanimatu, txapelketara itzuli nahi baitut hurrengo urtean. 

Nolakoa izan da esperientzia?

Bikaina. Errepikatzeko modukoa. Jende pilo ezagutu genuen eta Etxebarriko talde batekin egin genuen topo. Txoko guztietako jende jatorra ezagutu genuen: euskaldunak, kataluniarrak, errioxarrak... 

Partida bat galdu eta euren animoak jaso ditut. Esaten zidaten jende orori gertatu zaiola hasieran. Oso ondo zaindu naute. Ostiralean joan ginen, arratsaldean heldu ginen eta larunbatean hasi ginen jokatzen, goizeko 09:00etan. 71 pista zeuden eta bakoitzean 6 lagunek jokatzen zuten, 3 jokalariko taldeak baitziren. Gazte kategoriakoek ere jokatu zuten.

Larunbat osoa eman genuen lehiatzen eta sailkatuen hurrengo egunean jokatu zituzten finalaurrekoak eta finalak. Joan ginen ikustera. Autobusa etorri zen gure bila 07:30ean horretarako.

“Nik uste nuen petanka nagusien jokoa zela, baina jende gazte ugarik praktikatzen du”

Nola hasi zinen petankan jokatzen?

Pandemiaren ondorioz. Topasen geunden eta martxoaren 9an itzuli nintzen. Gero ezin  izan ginen inora joan eta ez genekien zer egin. Ezin genuen Salamancara joan ere. Hortaz, lagun batzuen artean geratu ginen petankan jolasteko, nahiz eta ideiarik ez izan. 

Azkenean Salamancako neska bat gurekin jarri zen harremanetan eta nola jolastu irakatsi zigun. Nik uste nuen nagusien jokoa zela hau, baina harrituta geratu naiz, jende gazte askok ere praktikatzen baitu. 

Etorri zen, irakatsi zigun eta arratsaldero hasi ginen petankan jolasten. Neska berak proposatu zigun bere klubera batzeko, baina nik esan nion ez nuela ideiarik, baina berak erantzun zidan ikasteko modurik onena jolastea dela eta baiezkoa eman genion. Orain astebururo jokatzen dugu eta ez dugu atsedenaldirik. Asteburu batean Zamoran, bestea Rio Lobon...

Zer da gehien gogoko duzuna kirolari dagokionez?

Lehenik eta behin, kirola bera. Ni apurtzailea eta asmatzailea naiz eta oso ondo pasatzen dut bola jaurtitzen, baina gogoko dut baita ere nola harremantzen garen jendearekin. Lagunak egiten dituzu nonahi. Esaterako, Zamorara jokatzera joateko gonbidapena egin digute berriro.

Horrez gain, gero eta gehiago ikasten duzu petankari buruz; arauak, jokoa... Petankan jokatu baino lehen ez nuen inoiz kirolik egin.

Nola heldu zinen txapeldun izatera?

Txapelketa guztietara joaten gara eta izena eman genuen klubeko emakumezko guztiok. 3 alde batetik eta beste 3 bestetik. Gure asmoa zen jokatzea eta ondo pasatzea, baina jolastu eta gero, bazkaltzen ari ginela, etorri ziren antolatzaileak eta esan ziguten: “Dori, Isa eta Paloma, Gaztela eta Leongo txapeldunak”.

Erotu ginen, eta adierazi ziguten ere Espainiako Txapelketa jokatzera joan behar ginela. Ez zen nire taldekideen lehenengo aldia eta bazekiten nola antolatzen zen dena eta abar. 

Errepikatu nahi dudanez, egunero entrenatzen gara hemen, Topasen, eta Laudiora itzultzen garenean, urriaren amaieran, Etxebarrira joango gara, herrian ez baitago petanka pistarik.

Oso motibatua nago, irrikan nago arratsaldea heltzeko entrenatzera joateko. Topasen zenbait jenderekin jokatzen dugu senarrak eta biok, baina zenbait arratsaldetan Salamancara joaten gara, eta gu bezala federatuak daudenekin jolasten dugu. Federatua egon gabe ezin duzu txapelketetan partehartu.

Neguan goizago iluntzen du, 15:00ak aldera joaten gara jolastera. Egunero bi edo hiru.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide