Kultur sorkuntza Aiaraldean

“Osloko publikoa oso ohituta dago sormen abangoardistara”

Aitor Aspuru Saez 2021ko urr. 16a, 07:00

IOSU VAQUERIZOk (Laudio, 1981) hainbat urte daramatza Oslon bizitzen. Zinemagintzan zein musika arloan bere sormen prozesu propioa garatzeko aukera esakini dio atzerriko egonaldiak.

Oslon bizi zara orain, nola bukatu duzu Norvegian?

Norvegiak badauzka diru-laguntza ugari arteari dagokionez. Nik harreman pilo bat nuen hor eta aldaketa gura nuen. Hori baino lehen bolada batean bizi izan nintzen Ingalaterran. Jadanik 20 urte eman ditut atzerrian.

Zer nolako bizimodua duzu Oslon?

Nagusiki zinemara eta musikara bideratzen dut nire denbora. Oslok aukera asko ematen ditu, arte galeria mordoa eta musika esperimentaleko giro indartsua. Ingalaterran, dena den, musika giro anitzagoa eta interesgarriagoa dago.

Nola hasi zinen musikan zein zineman? Zein erreferente dituzu?

Nire familiak musika tradizio handia dauka. Aita musikaria zen eta musika klasikoa sortu zuen, baita esperimentala ere eta Bilboko rock taldeetan jotzen zuen 1970eko hamarkadan. Nire aitona eta bi lehengusu ere musikariak dira eta hainbat taldetan jo dute.

Nire aldetik, zenbait disko kaleratu ditut Ggghost Townnn (garage rock), Obsolete Models (post-punk), eta Soaps (synthpop/shoegaze) taldeekin eta nire kabuz Iosu Vakerizzo (esperimentala) norvegiar eta ingeles disketxe txikiekin; Number4door, Etch Wear eta Party´s Over. Zinemari begira, bada zerbait txikia nintzenetik egin nahi nuena. Horregatik ikasi nuen Zinema Zuzendaritza Ingalaterrako Unibertsitatean. Oso gogoko dut 1960eko hamarkadako zinema europarra. Itxuraz, pelikula zaharrak izan daitezke, baina garai horretako film batzuk gaur egiten diren gehienak baino originalagoak dira. Godard, Bergman, Chytilova, Antonioni, Tarkovsky, Paradjanov, Pasolini, Makavejev, Teshigahara... zinemari buruz ari naiz. Zinema garaikideari dagokionez, nire gogokoenak Mandico eta Eggers dira.

Zure azkenengo filma Life in the XXI century izan da, zer nolako ibilbidea egin du?

Nire filmak hasi berri du bere ibilbidea jaialdietan. Wasteland Film Festivalen aurkeztu berri da, Californian, eta hilabete gutxi barru Sans Raisonen egongo da, Parisen. Jaialdi gehiagoren interesaren zain gaude. 41 minutuko filma da eta Norvegian dago grabatuta. Bularrean tentakulua duen gizonezko bati buruzkoa da, eta bizitza modernoaren alde arrotzenak jorratzen ditu. Film surrealista samarra da eta Txekiako 60ko hamarkadako eragina du, David Cronenberg eta John Watersen ukituekin.

Zein musika genero lantzen dituzu? 

Musika alternatibo ugari egin dut: rock garage, post-punk, shoegaze, dreampop, esperimentala, soinu bandak... Horrelako kontuak. Osloko publikoa oso ohituta dago sormen abangoardistara, musikan, zein artean eta zineman.

Nire kontzertuek beti izan dute harrera beroa. Norvegian, Suedian, Danimarkan, Ingalaterran edota Irlandan jo dut, nahikoa mugitzen naiz eta nire musika gutxiengoarentzat bada ere, beti topatzen ditut entzuleak.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide