2022ko udal tasak onartu dituzte, eta beherakada egongo da Ondasun Higiezinen Zergan

Aimar Gutierrez Bidarte 2021ko urr. 13a, 18:38

Ander Añibarro eta Eva Marquinez 2022ko udal tasen nondik norakoak aurkezten. / Laudio Udala

Udal ordenantza fiskal berriak onartu ditu Laudioko Udalak. Gai mardula jorratu dute Ogasun Sailean, eta bi udal osoko bilkura behar izan dituzte guztiak onartzeko. Omniak salatu du bere hainbat ekarpen ez direla kontuan hartu.

Azken bi udal osoko bilkurek onespena eman diete 2022ko Udal Ordenantza berriei. Udal Gobernuak "herritarren presio fiskala murrizteko" helburuarekin osatu ditu ordenantza berriak. "Azken urteetan abandonaturik egon dira ordenantza fiskalak, hauen ikerketarik egin gabe, eta zergak eguneratzeko konpromisoari heldu dio Udal Gobernuak", azaldu zuen Eva Marquinez zinegotziak iragan astean eskainitako prentsaurrekoan.

Udaleko Ogasun Sailaren kalkuluen arabera, Laudioko biztanleen %93ak murriztuak ikusiko ditu ordaindu beharreko zergak. Hain zuzen ere, Ondasun Higiezinen Zergak eragingo du jaitsiera nabarmenena.

Izan ere, katastro-balioen ponentzia berria osatu da eta aplikatu beharreko tasa orokorra 0,3koa izango da. Etxe handiei eta birbalorizatutako lursailei aplikatu beharrekoa 0,5ekoa izango da, eta horrek herriko biztanleen %7ari eragingo dio. Hori dela eta, laudioarrek zerga hau, bataz bestez, 20 eta 80 euro artean murriztua ikusiko dute.

Gainerako zergek (ibilgailuena, zaborren bilketarena, terrazena...) igo egin ditu tokiko erakundeak, %2 igoera bataz beste. "Gutxika, tasa eta prezio publiko guztiak eguneratzen joateko konpromisoa du Laudioko Udalak: izan ere, Laudio oso urruti dago ordenantza fiskaletan Europa mailan ezarritako estandarretatik" adierazi du Marquinezek. Ogasun sailak egindako lana ere balioan jarri nahi izan zuen zinegotziak.

Omniaren ekarpenak

Omniak hainbat ekarpen egin ditu 2022ko ordenantza fiskalei begira, baina salatu du EAJren gobernuak ez dituela horietako asko kontuan hartu.

Lehenik eta behin, Arabako Foru Gobernuaren jarrera kritikatu du Omniak. Aldundiak balioen-ponentzia berandu onartu zuela azaldu du udal taldeak, eta, ondorioz, ordenantza berrien lanketa eta onarpena oso denbora mugatuan egin dela, Diputazioak berak markatutako epe estuen barruan, hain zuzen: "egoera hau balioen-ponentzia berri bat dagoen aldiro errepikatzen da, eta laudioarrek ez dugu horrelako gutxiespenik merezi".

Omniak hainbat tasa proposatu zituen, herriko lursaila baliatzen duten enpresa elektriko eta hidrokarburo enpresentzat, 1,5ekoak. Udal Gobernuak ez zituen hauek aintzat hartu. Ibilgailu elektrikoen inguruan egindako ekarpena ere ez zuen ontzat eman EAJk eta PSE-EEk osatutako gobernuak. Omniak positibotzat ikusten du auto elektrikoek jasotzen duten hobaria, baina laguntza hori bigarren eskuko autoei aplikatzea eskatu du.

"Ikus daitekeenez, ekarpen gutxien egiten dutenengan eta gehien dutenengan jarri dugu arreta. Batez ere, enpresa handien kasuan. Hala ere, esan bezala, neurri horiek atzera bota dira, EAJ-PNVk eta PSE-EEk enpresa handiak babesten baitituzte beste ezeren gainetik", adierazi dute Omniako kideek zabaldutako oharrean. "Hala ere, EAJ-PNVk eta PSE-EEk % 2ko igoera onartu dute tasa guztietan eta % 5ekoa zaborretan. Hau da, aurten ere, laudioar guztiak zigortzen ditu udal-kutxetan ia islatuko ez diren igoerekin".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide