Euskaraz aritzeko podcast eta tik-tok lantegiak antolatu ditu Amurrioko Udalak, udalerrira iritsi berri diren DBHko ikasleentzat. Hala ere, 12 eta 16 urteko gazte orok parte hartu ahalko du egitasmoan. Euskaraz gozatu nahi izatea da baldintza bakarra.
Gazteen artean euskarazko harremanak sustatzea da ekimenaren xedea. Horregatik, lantegi horiek ez dira eskoletan garatuko, Amurrioko hainbat gune irekitan baizik. Modu horretan, "eskola ibiltari" ereduan garatuko dute proiektua.
Beste mota bateko ekintzak ere egingo dituzte: filma laburren grabaketa, jokoak eta ibilaldiak, besteak beste. Bederatzi astez luzatuko da ekimena, astero ordubeteko saioak eginda.
Izen ematea, erabat doakoa
Izena emateko euskara@amurrio.eus helbidera bidali behar da mezua, parte hartzailearen izen abizenak, eskola, adina eta euskara maila (baxua, ertaina edo altua) zehaztuta. Inskripzioa erabat doakoa izango da, Arabako Foru Aldundiak finantzatu baitu.
Urriaren 20an, hitzaldia
Eskola ibiltariaz gain, beste ekimen bat ere antolatu du udaleko Euskara Arloak datorren asterako. Euskaraz ez dakiten gurasoei bideratutako hitzaldia izango da, haurrei etxeko lanekin nola lagundu irakasteko. Urriaren 20an izango da zita, 18:00etan Kultura Etxean. Iñaki Eizmendik gidatuko du saioa. Parte hartzeko beharrezkoa izango da aurretik izena ematea, arestian aipatutako helbide elektronikora mezua bidalita.