Hirugarrenez arituko da Aimar Amondo laudioarra Europako Gazteen Txapelketan. Herbeheretara bidaiatuko du horretarako datozen egunetan, urriaren 21etik 24ra ospatuko baita bertan Europako Gazteen Txapelketa hiru modalitateetan: One Wall, Nazioarteko Jokoa eta Llargues. Hala jakinarazi du Herriaren Pelotazale elkarteak, eta pilotaria zoriondu du sare sozialetan: "Erronka polita gure pilotariarentzat, hirugarrenez arituko baita euskal selekzioarekin pilota joku zuzenetan eta ONE WALLen".
Hain zuzen, Frisia izango dute topaleku, eta bertan igaroko ditu Amondok datozen egunak. "CIJB-k, Nazioarteko Esku Pilota Konfederazioak, antolaturiko EUROJOVE-n hartuko du parte beste 13 euskal pilotarirekin batera", erantsi du Aretako kirol elkarteak.
2015ean Valentzian izan zen lehiaketa, eta ordukoan ere aritu zen norgehiagokan aiaraldearra. 2017an, berriz, Moitan elkartu ziren Europako gazteak (Portugal), "urte haietako EUROJOVEetan".
Europako Gazteen Txapelketan 6 nazio ordezkatuko dituzte kirolariek: Ingalaterra, Frantzia, Belgika, Herbehereak, Italia, Valentzia eta Euskal Herria.