Ematen zuen idazteari utziko zeniola, baina El agente extranjero idatzi duzu.
Bai, bost urte igaro dira nire azken liburutik. Nik uste nuen aro bat beteta nuela, nahikoa idatzi eta argitaratu nuen eta ez nuen motibaziorik. Baina orain bultzada eman dit amorruak. Haserre nago gizartearekin. Onartzen ari gara gizartea politikoki eskuinera joatea eta nekez lortutako eskubideak kentzen ari dira. Hedabide handiak saiakera egiten ari dira gu konbentzitzeko eskuin muturra edozein aukera demokratiko bezain zilegia dela. Eta hori ez da egia. Eskuin muturrak demokrazia dinamitatu nahi du, bere irizpideak inposatzeko. Gizartea hori baimentzen ari da, espazioa jaten ari da eskuin muturra eta sare sozialetan sumatu dut. Zentsura gero eta handiagoa da, algoritmoa deitzen dutena. Euren asmoa da guk geuk gure buruak zentsuratzea.
Nik zentsura pairatu nuen Facebooken. Haserretu nintzen eta zenbait hilabetez utzi nuen, kontua itxita. Horren ostean, erabaki nuen pertsonaia bat sortzea; kazetaria da eta eskuinerako joera horren aurka matxinatzen da. Gainera, konturatzen da lan egiten duen egunkaria eskuin muturrak finantzatzen duela eta horren kontra protestatzean kaleratzen dute. Orduan erabakitzen du mendeku bitxi batekin hastea eta horrela hasten da eleberria.
Berez, mendekuaren jomuga dira gizartea itzalpetik manipulatzen dutenak, baina konplikatzen da. Izan ere, bere buruzagi ohien kontra egiten duena hedabideek arazo politiko bilakatzen dute. Horren ondorioz, gatazka politikoa sortzen da, nahiko handia.
Horren guztiaren atzean, ordea, ironia eta umorea dago. Berez, nire helburua izan da status quoaren kontrako mezu hau zerbait entretenigarria eta atsegina izatea.
Hain zuzen, horregatik hautatu dut eleberri beltza. Horrek ahalbidetzen du abentura eta akzioa egotea, baina baita kritika sozial eta politikoa ere. Genero hori oso egokia da horretarako. Egia esanda, liburua niretzat idatzi dut, ez dut irakurlearengan pentsatu.
Hala ere, argitaletxea topatu duzu.
Bai, baina hasierako asmoa ez zen argiratatzea. Hori bai, azkenean, zenbait arrazoi direla medio, iritzia aldatu nuen; urriaren 22an aurkeztuko dut liburua eta han azalduko ditut, zerbait gera dadin aurkezpenean kontatzeko.
Azkenik, erabaki nuen publikoari aukera ematea erabakitzeko eleberriaren inguruan. Horregatik bidali nuen testua hainbat argitaletxera eta honek, Editorial Amarante, nahiko azkar erantzun zidan. Ikusi nuen eleberri beltzari buruzko bilduma oso interesgarria zutela eta hori hautatu nuen. Nahiko azkarra izan da dena.
"Ez naiz diskurtso handien aldekoa, nahiago ditut istorio txikia"
Terapia moduan hasi zen liburu hau?
Bai, egile batek idazten duenean elkarrizketa izaten du bizitzaren inguruan bere buruarekin, pertsonaiak bitartekari moduan baliatuta. Edonola ere, ni ez naiz diskurtso handien aldekoa, nahiago ditut istorio txikiak. Gainera, nik nire burua jotzen dut ipuin egiletzat, eleberri sorta argitaratu arren. Horregatik, nire istorioek protagonista ugari dituzte. Pertsonaia nagusiak egonda ere, saiatzen naiz pertsonaia gehiago egon daitezen, ekarpena egiteko kontakizunean eta interesgarriagoa egiteko.
Horrez gain, eskualdeko herritarrak sartu dituzu liburuan, ezta?
Eleberria niretzat egin nuenez, zenbait kapritxo gauzatu dut. Adibidez, miresten ditudan lagunak aipatu ditut. Esaterako, Txani Rodriguez edo Luis Vil.
Eleberri hau ez zen argitaratu behar, zert espero duzu orain irakurtzeko aukera egonda?
Soilik espero dut testu atsegina eta interesgarria izatea irakurle gehienentzat. Momentuz, horrela da. Jendeak ia jarraian irakurri du. Ez da luzea, baina jende orok nahi du jakin zer gertatuko den protagonistarekin eta horregatik ez dute atsedenik hartzen irakurtzeko. Hori gogoko dut gehien idazle gisa.
Idazle moduan hasi zinenean pentsatu zenuen horrelako liburua idatziko zenuela, ez politikoa, baina bai kutsu politikoarekin?
Ez. Hasi nintzen literatura gogoko nuelako. Denborak aurrera egin ahala zenbait gauza ulertu dut. Horrela, zure barruan dagoen asko eransten diozu idatzitakoari. Atzera begira jartzen banaiz, ikusten dut aldatu dela istorioak ikusteko modua. Modernizatu da, ez hain da klasikoa, garaikideagoa da orain.
Nork uste duzu ez duela gogoko izango El agente extranjero?
Faxistek eta eskuin muturrekoek ez dute batere gogoko izango eleberria, baina hori ona da. Faxistek eta eskuin muturrekoek gogoko ez dutena ona da munduarentzat.