Laudioko Ikastolako kideek aurtengo egutegian data bat gorriz markatuta izan badute, hori izan da ekainaren 20a. Araba Euskaraz jaia ospatu zuten egun horretan, euskararen aldeko egun osoko egitaraua eskaini zuen ekimen jendetsua.
Orain, aldiz, atzean utzi dute data hori. Beste bat dute jomugan: datorren larunbata, urriak 23, 10:00etatik 13:00etara, ikastolan bertan. Hezkuntza zentroaren 50. urtemuga lantzeko topaketa egingo dute, eta ahalik eta jende gehien bertaratzea dute helburu. “Prozesu ahalik eta parte hartzaileena izatea da erronka, hezkuntza komunitate osoa aktibatzeko”, azaldu dute, “badago jende aktibo asko gurekin egon dena eta prozesu honetara batzea da asmoa”.
Nabarmendu dutenez, oso hezkuntza komunitate zabala du ikastolak. “1.500 ikasle ohi ditugu. Orain daudenak kontatuta, eskualde osoko 2.000 familia egon dira ikastolan. Langileei dagokionez, 100 pertsona gaude lanean uneotan zentroan, baina beste 100 igaro dira 50 urtetan”. Beste datu esanguratsu bat ere jarri dute mahai gainean: “ikasle ohiak gara gaur egun hemen lanean gauden pertsonen erdia baino gehiago”.
Egitasmo ugari
Gauzak hala, “kolektibo zabal” horretara iristea izango da urteurreneko lehen helburua. “Ikastolatik igarotako jende guztiarengana iritsi nahi dugu, kontaktu sare bat osatuta”, zehaztu dute.
Atzera begira ere jarri nahi dute, “historiaren lekukotza” jasotzeko. “Hori hainbat euskarritan islatu daiteke. Liburua da ohikoena, baina egin daitezke baita ere argazki bildumak, podcastak, bideo-sortak… sormena landu nahi dugu, ez gaitezen beti egiten den horretara mugatu”.
Argazkiak ere berreskuratu nahi dituzte, “irakasle ohien ganbarak arakatuta”. Ikastolari buruzko unitate didaktiko bat ere sortu nahi dute, zentroan dauden maila guztietara egokitutakoa.
Horrez gain, kanpora begirako proiekzioa ere eskaini nahi dute, herrira begirako jarduerak antolatuta, ikastola “Laudioko eragile indartsu bat” dela iritzita.
Baina ez dute “ariketa nostalgiko hutsa” egitera mugatu nahi. Buruan dituzte hezkuntza esparruan azken hilabete eta asteetan ematen ari diren eztabaidak: “Aro berri baten aurrean egon gaitezke hezkuntzaren alorrean”.
Gauzak hala, proiektua indartzea dute helburu, hurrengo urteei begira.
Bukatzeko, jai bat egitea ere aurreikusten dute, ekimen guztiak bateratzeko balioko lukeena.
Hala ere, aipatutako egitasmo guztiak ideiak baino ez dira momentuz. Larunbateko bilera izango da abiapuntua, eta bertan jasotako ekarpenekin abiatuko dute bidea. “Bertan dauden indar eta gogoen arabera erabakiko dugu zer egin”.