Zinemagile laudioarrarekin hitz egin dugu gaur eguerdian, eta oso pozik azaldu da. Hori bai, aitortu du oso lanpetuta igaroko dituela hurrengo asteak. "Akademia osatzen dute profesionalek filma guztiak ikusi eta bozkatu behar dituzte, eta hortik aterako dira azken izendatuak, galara doazenak. Promozio lanak egin beharko ditugu".
Gainera, proiektu berrietan murgilduta dago Aiaraldeko sortzailea. Filma labur berri bat grabatzen hasiko da datozen egunetan, eta bere lehen pelikula luzea (20.000 especies de abejas) finantzatzeko ahaleginetan dihardu.
Atzo albiste pozgarria jaso zenuten, "Polvo somos" Goya sarien banaketan egongo baita, nola zaudete?
Izugarrizko berri ona da. Jakinarazi ziguten Goya Sarietako Fikziozko film labur onenaren atalean hautatu dutela. 15 izendatzen dituzten eta lasterketa honen lehenengo fasean gaude gu ere. Ezusteko oso pozgarria izan da.
Goya sarien hurrengo fasea zein da?
Orain hilabete eta erdiko epea irekiko da eta horren barruan Zinema Akademia osatzen duten kideek ikusi beharko dituzte pelikulak eta bozkatu euren gogokoenak. Bigarren bozkaketa horren ondorioz aterako dira azken izendatuak. Galan aipatzen dira horiek. Momentuz, fase honetan gaude. Industria profesionalek egingo dute, ez bakarrik zuzendariek, edozein diziplinakoak izan daitezke akademikoak.
Orain komenigarriena da prentsa kanpaina txikia abiatzea. Gu ekoiztetxe oso txikia gara eta ezezaguna industrian. Horregatik garrantzitsua da ahalegina egitea informazio gehiago zabaltzeko. Agian Madrilen edo Bartzelonan proiekzioren bat antolatzea jendea bertaratzeko eta zineman ikusteko aukera emateko.
Azken albiste honekin batera, ibilbide oparoa izan duzue sarien aldetik, ezta?
Bai, oso pozik gaude ibilbidearekin. Hasi zen hemen Zinebin, nahiz eta nazioarteko jaialdia izan, eta han hasi genituen proiekzioak eta pozik bukatu genuen, bi sari jaso baikenituen. Horrek kriston indarra eman zigun.
Hortik abiatuta, 15 bat jaialditan egon gara, nazioartekoak eta lehen mailakoak. Izan ere, horietako gehienek ahalbidetu dute Goya sarietan egotea. Horrelako jaialditan parte hartu beharra dago izendatua izateko. Eskerrak eman behar diegu gure alde apustu egin duten jaialdiei, hori esker baikaude gaur hau ospatzen.
Proiektu gehiago dituzu esku artean, adibidez, zure lehen film luzea, fizkiozkoa. Lagundu dezake sarietan egoteak?
Bai, jakina. Film laburrek horretarako balio dute, ez hainbeste ekonomikoki errentagarriak direlako, baizik eta lagungarriak direlako hurrengo proiektuak pizteko eta aliatuak izateko. Zentzu horretan, "Veinte mil especies de abejas" film luzerako baliogarria izango dela, baita hurrengo film laburrentzat. Bermea da. Ez dut sinisten artearen lehiakortasunean, lan ezberdinak egiten baitira, baina aitortzek berme moduan funtzionatzen dute.
Hiruzpalau astera beste film labur bat grabatzen hasiko naiz. Orain izan dugun albistea zorionekoa da, baina aldi berean aurre egin behar zaio.