Hurrengo igandean lehiatuko da Ellakuriko kirol gunean Laudioko Ibar Krosaren XXXVI. edizioa eta antolatzaileek iragarri dute 400 lasterkari inguru espero dituztela. Kopuru horren erdia eskola kirolariak izango dira eta bestea, ordea, federatuak. Besteak beste, Javi Conde talde paraolinpikoaren parte hartzea aurreikusi dute.
Lasterketa herrikoiarekin hasiko da ekitaldia 09:20ean eta oraindik izena emateko epea irekirik dago interesdunentzat. 5 euro balioko du inskripzioak eta clubatletismolaudio@gmail.com helbidera mezua bidali beharra dago.
Horren ostean, 18 kategoria arituko dira, nor baino nor. Atletismo taldeak ziurtatu du EAEko Master esparruko atleta onenak egongo direla Laudion, Euskadiko Txapelketa izango baita.
Gainera, Galiziako eta Gaztela eta Leongo zenbait taldek izena eman dute eta ia 1.000 euroko sariak banatuko dira Senior kategorian.