ADIERAZPEN ASKATASUNA HIZPIDE

Garbiketa ordenantza aldatzea proposatuko dute gaurko udalbatzan, “kartelak eta pankartak jartzea zigortzen duelako”

Txabi Alvarado Bañares 2021ko urr. 25a, 09:00

Kartelak jarri dituzte ordenantzaren nondik norakoak salatzeko. / Aiaraldea.eus

Laudioko hainbat eragileren artean aurkeztu dute mozioa, eta Udal Osoko Bilkurara bertaratzeko deia luzatu diete herritarrei. 

Laudioko Udalaren Garbiketa ordenantza izango dute hizpide gaur arratsaldeko Udal Osoko Bilkuran. Mozioa aurkeztu dute herriko hainbat elkartek dokumentu hori aldatzeko, “kartelak eta pankartak jartzea” zigortzen duela argudiatuta. 

Hauek dira mozioa sinatu duten eragileak:

  • Avillo elkartea
  • Aiaraldeko Mugimendu Feminista
  • Altzarrate kirol elkartea
  • Aiaraldeko Greba Batzordea
  • Arabako Pentsionistak Lanean
  • Aretako Gazte Asanblada
  • Aretako Jai Batzordea
  • Basalarrina Kultura Elkartea
  • ELA sindikatua
  • Ernai
  • Etxerat
  • Aiaraldeko Gazte Koordinadora Sozialista (GKS)
  • Gure Esku Dago
  • Ikama
  • Ikasle Abertzaleak
  • Kirikiño
  • LAB sindikatua 
  • Laudioko Jaiak Koordinakundea
  • Laudioko Mugimendu Feminista
  • Laudioko Txosna Batzordea
  • Laudioko Gazte Asanblada
  • Orbeko Etxea 
  • Pinpili aisiladi taldea
  • Sare herritarra
  • San Joaneko Jai Batzordea
  • Songilarren 
  • Untzueta dantza taldea

750-1.500 euro arteko isunak

2010ean onartu zen egun indarrean dagoen Kale garbiketa eta hondakin bilketako udal ordenantza. Araudi horrek “arau-hauste larritzat” jotzen du udalaren baimenik gabe pankarta eta kartelak jartzea, eta 750 eta 1.500 euro arteko isunak proposatzen du hori egiten dutenentzat. 

Mozioaren egileek salatu dutenez, azken hilabeteetan “herriko hainbat eragileetako kideak” identifikatu eta zigortu dituzte “kartel eta pankartak jartze hutsagatik”. 

Laudioko Mugimendu Feminista da zigorra pairatu duen taldeetako bat. Talde horretako kideek 3.000 euroko isuna jaso zuten udaberrian, Martxoaren 8ko kartel bat jartzeagatik:

Plenora bertaratzeko deia

Hori dela eta, gaur arratsaldeko plenora bertaratzeko deia luzatu diete mozioaren egileek bizilagun guztiei. Arratsaldeko seiretan hasiko da bilkura, udaletxeko pleno aretoan.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide