Adierazpen askatasunaren gaiak hartu zuen erdigunea atzo -urriak 25- Laudioko Udaletxean egindako Udal Osoko Bilkuran. Izan ere, "garbiketa ordenantza aldatzeko mozioa" aurkeztu zuten herriko 27 elkartek.
Egun indarrean dagoen kale garbiketa eta hondakin bilketako udal ordenantzak arau hauste larritzat jotzen du kartelak eta pankartak baimenik gabe jartzea, eta 750 eta 1.500 euro arteko isunak proposatzen ditu.
Honen aplikazioa jarraiki, azken urtean herriko hainbat eragiletako kideak identifikatuak eta isunduak izan dira "kartelak eta pankartak jartze hutsagatik", mozioa aurkeztu duten elkarteek ziurtatu dutenez. Horien artean aurkitzen dira Ernai Gazte Antolakundeko eta Laudioko Mugimendu Feministako kideak. Hain zuzen ere, mugimendu feministak 3.000 euroko zigorra jaso zuen Martxoaren 8ko kartelak jartzeagatik:
Gauzak horrela, kale garbiketa arautzen duen ordenantza aldatzearen beharraz hausnartu eta hau egikaritzeko mozioa aurkeztu zuten ohikoan kalean kartelak jartzen dituzten ia 30 eragile sozial, kultural eta politikok.
Zehazki, kartelak eta pankartak jartzeagatik zigorrak ezartzea arautzen duen ordenantzako puntua ezabatzea proposatu zuten udal ordezkarien aurrean. "Udal honek ez dezan berriz inor zigortu adierazpen askatasuna erabiltze hutsagatik. Kaleak berriz denonak, gu guztionak, izan daitezen" azaldu zuen Josune Fernandezek mozioaren defentsan. "Kaleak guztionak direla" aldarrikatzen zuten kartelak eskutan, Fernandezekin batera Udalbatza aretoa goraino bete zuten dozenaka herritarrek.
Oinarrizko eskubideen defentsa
Udalean ordezkaritza duten talde politikoen artean orotarikoak izan ziren iritziak. Loli Muriel PSEko bozeramaileak herritarrek herri garbi bat izateko duten eskubidea azpimarratu zuen, udal-ordenantza hori bermatzeko dagoela ziurtatuz.
Omniak adierazpen askatasuna oinarrizko eskubide bat dela azpimarratu zuen. "Guk askotan defendatu dugu Laudio garbi bat nahi dugula, baina adierazpen askatasuna horren gainetik dagoen zerbait da. Azken finean, adierazpen askatasuna funtsezko eskubidea da. Bestea, aldiz, kontu estetiko hutsa", adierazi zuen Alvaro Barriosek bere hitzartzean.
Toño Aizen legealdian zigor ugari jarri ziren kale garbiketa ordenantzaren aplikazioan, eta herritar bat kartelak jartze hutsagatik espetxeratua izan zen
EH Bilduk ere bide beretik jo zuen, herritarrek adierazpen askerako duten eskubidea defendatuz. "Toño Aizen garaietara" ez bueltatzeko eskatu zion Nagore Gomarak Ander Añibarrok zuzentzen duen Udal Gobernuari. Legealdi horretan zigor ugari jarri ziren kale garbiketa ordenantzaren aplikazioan, eta herritar bat kartelak jartze hutsagatik espetxeratua izan zen, Gomarak azaldutakoaren arabera. Hitzek eztabaida piztu zuten zinegotzi abertzalearen eta alkatearen artean.
EH Bilduk ordenantza aldatzeko hainbat proposamen mahaigaineratu zituen ere, hala nola kartelak kentzeko egun jakin bat zehaztea (elkarteek deialdien berri noiz eman dezaketen aurreikusi dezaten) eta adierazpen librerako guneak atontzea gaur egungo propagandarako espazioak konpontzearekin batera. Urtero diru partida bat bideratzea proposatu zuen horretarako.
Garbiketa selektiboa
Ander Añibarrok itxi zuen hitzartzeen lehenengo txanda. Mozioan zein bestelako tokitan azaldutakoaren aurka, ukatu egin zuen azken urtean jarritako isunak udal gobernuak propio jarri zituenik. "Isun horiek udaltzaingoen buruak tramitatzen ditu. Prozedura administratibo bat jarraitzen da, ez politikoa. Herritar guztiei berdin aplikatu zaie ordenantza, ez dugu erabakitzen nor zigortu eta nor ez" defendatu zuen alkateak. Propaganda jartzeko espazioetatik kanpo kartelak eta pankartak jartzeko eskaera guztiak onartu dituela ere ziurtatu zuen gobernuburuak.
Iraia Pereiro Laudioko Mugimendu Feministako kideak erantzun zien bozeramaileen adierazpenei, mozioa babesten zuten eragile guztien izenean. Kartelak jartzen zeudela identifikatuak izan diren herritar guztiek isuna jaso ez dutela ziurtatu zuen Pereirok, ordenantza aplikatzeko erabilitako arbitrariotasuna salatuz. Gainera, zenbait kartel beste batzuk baino lehenago kentzen direla azaldu zuen: "garbiketa selektiboa egiten da".
Eztabaidarako oinarriak
EH Bildu eta Omniaren aldeko botoak ez ziren nahikoa izan EAJ eta PSEren ezezkoari aurre egiteko. Laudioko elkarteek aurkeztutako mozioak aurrera egin ez zuen arren, mugarria jarri zuen kale garbiketarako ordenantzaren aldaketaren inguruko eztabaidan.
Izan ere, hainbat kontu azaleratu zituen atzoko eztabaidak, eta udal talde politiko guztiek adostasuna erakutsi zuten zentzu horretan. Batetik, udal ordenantza zaharkitua geratu dela, eta honen berrikuspena ezinbestekoa dela. Bestetik, ordenantzan zehazten diren propagandarako espazio horiek oso urriak eta hondatuak daudela, eta ez dietela herriko elkarteen beharrei erantzuten.