Lamuza Kiroldegiko igerilekuak aldi baterako itxi dituzte, uretan pseudomona aeruginosa izeneko bakterioa topatu dutelako. Astelehenean egin zuten uraren kalitatearen azterketa (legeak maiztasun zehatz batekin egitera derrigortzen duena), eta orduan topatu zuten mikroorganismoa.
Hainbat neurri aplikatuko dituzte orain: ontzien eta iragazkien garbiketa, hiperklorazioa eta uraren birzirkulazioaren handitzea. 48 ordu barru uraren beste lagin bat aterako dute, bakterioa desagertu den ikusteko. "Neurri horiek eragina dutenean, udal-administrazioak igerilekuak berriz irekitzeari buruzko informazioa emango du", azaldu dute gaiari buruzko prentsa oharrean.
Joseba Amondo zinegotziak argitu duenez, pseudomona aeruginosa maiz agertzen da igerilekuak bezalako hezeguneetan. Tokiko erakundeak nabarmendu du Laudiokoa ez dela kasu isolatua izan. "Izan ere, Gasteizko Aldabe igerilekuak arrazoi berarengatik itxi behar izan zituzten iazko uztailean".