Gaur 19:00etan egin dute Laudioko Nazioarteko Ziklokros lasterketaren XXXIII. edizioaren aurkezpena, Udaleko Osoko Bilkura aretoan, hain zuzen. Kirol zein politikako hainbat ordezkarik hartu dute hitza ekitaldian; Ander Añibarro alkateak, Ana del Val Arabako Kirol Diputatuak, Javier Mena Euskal Federazioko presidenteak edota Javier Ruiz de Larrinaga txirrindulari ohiak, besteak beste.
Guztiek nabarmendu dute larunbatean lehiatuko den lasterketaren garrantzia, nazioarteko izaera baitauka. Javier Ruiz de Larrinagak, zentzu horretan, azpimarratu du ezaugarri hori oso garrantzitsua dela: "Beti amestu dugu puntako kirolariekin lehiatzearekin eta Laudiora urtero etortzen dira Herbeheretako edo Belgikako txirrindulariak. Hori ezinbestekoa da hemengo gazteak motibatzeko. Aurten, esaterako, David Van Der Poel izango dugu hemen, Mathieu Van Der Poelen anaia".
Jose Angel Arzaren agurra
Jose Angel Arza Laudioar Txirrindulari Elkarteko kideak protagonismo berezia izan du gaurkoan. Izan ere, aurtengo edizioarekin agur esango dio lasterketa hau antolatzeari. Ekitaldia bere agurrarekin itxi da eta ezin izan du ekidin malkoak bere begietan agertzea, urte luzez ekin baitio ardura horri.
Edonola ere, hori baino lehen, harrotasunez hitz egin du probari buruz: "Laudioko lasterketa Espainiako Estatuko onena dela esango nuke eta larunbatean ikuskizun paregabea egongo da, lokatzarekin neurtuko baitira kirolariak. Iaz proba antolatzeko aukerarik gabe geratu ostean, aurten hainbat jenderi esan behar izan diogu ezin zutela izena eman, 700 plazak bete baititugu".
Arzak eskerrak eman dizkie ziklokrosa antolatzen duten guztiei -60 boluntario inguru- eta iragarri du kirolean buru-belarri jarraituko duela, baina ez lasterketa hau antolatzen.