Elkarretaratzea egin du ASVIAMIE Aiaraldeak gaur eguerdian Aldai plazan, osteguneko azoka probestuz. Elkarteak aldarrikatu du premiazkoa dela amiantoaren biktimentzako konpentsazio funtsa sortzea. Halaber, salatu dute Espainiar Gobernuak ez duela hori jaso bere aurrekontuetan.
Amiantoa minbizia sortzen duen materiala da eta Aiaraldean zein Euskal Herri osoan baliatu zuten hainbat enpresek hamarkada luzez. Industrian erabili bazen ere, ez ditu langileak soilik kaltetu. Izan ere, beharginen arropak garbitzen zituzten emakumezkoak ere gaixotu dira.
Gaitzak hamarkaden ostean garatzen direnez, amiantoarekin lan egin zuten hainbat enpresa itxita daude jadanik eta, horren ondorioz, ezinbestekotzat ikusten dute kaltetuen elkarteek konpentsazio funtsa sortzea. Kolore politiko askotako jendea elkartu da Aldai plazan, Tubos Reunidoseko enpresa batzordeko kideak, besteak beste.