ERIK BERGANZA, 'ABEREH'

"Faktorian larunbatean eskainiko dudana ez da kontzertu lasaia izango, bai ordea intimoa"

Txabi Alvarado Bañares 2021ko aza. 4a, 15:04

Erik Berganza igoko da larunbat iluntzean Faktoriako oholtzara, 'Abereh' moduan kontzertua eskaintzera. 

Joan-etorrian diskoa plazaratu zuen musikariak uda hasieran, eta lan horretako kantak zein aurretik plazaratutakoak joko ditu Faktorian, eredu akustikoan. 

Larunbatekoa ez da izango da Abereh-ek Aiaraldean eskainiko duen lehen kontzertua. Iazko udan ere jo zuen, Faktoria Arrastiak dinamikaren barruan:

Kontzerturako dena duzu prest?

Esango nuke baietz (barreak). Hilabete pare batean ez dut kontzertu askorik izan, baina azken asteburuan emanaldia izan nuen Oñatiko Gaztetxean eta martxa hartuta daukat. 

Kontzertu akustikoak dira zureak. Agian pandemia garaira oso egokituak zeuden eta orain harrera ezberdina sumatzen duzu?

Momentuz ez. Nire kontzertuak akustikoak dira, baina ez dakit esan dezakegun pandemiak lagundu nauen. Akustikoak askotan ikusten dira eserita, hortaz, ezberdintasun handirik ez dut sumatu.

Duela urtebete Abasto plazan zu ikusteko aukera izan genuen. Diskoa aurkeztuko duzu eta urte honetan abesti bat edo beste sortu duzu. Kontzertua oso ezberdina izango da edo iazkoarekin alderatuta ildo beretik joango da?

Zentzu batean ildo beretik joango da eredu bera izango delako, baina disko berria ez nuen. Hirugarren diskoa kaleratu nuen ekainean eta hori joko dut abesti zahar batzuekin. Aldea hori izango da.

Disko berrian ildo bera landu duzu?

Beti daude berritasunak. Disko berrietan egon ohi dira aurrekoetan probatu ez dituzun gauzak edo jorratu ez dituzun bideak. Oraingoan elementu ezberdinak daude, bateriak, perkusioa, talde ereduko gauza gehiago. Zuzenean, ordea, moldatzen ditut kantak eta akustikoan jotzen ditut.

Rock mundutik zatoz, zer ekarpen egiten du akustikoak, rockak ez duena?

Galdera ona da, egia esan. Ez dakit ondo erantzuten. Talde ereduan elementu gehiago dago, beste energia transmititu ahal du, baina kanta bat biluztean edo modu soilenean jotzean bestelako benekotasuna dauka. Intimitatea, beste lotura bat sortzen da, taldearekin lortzen ez duzuna.

Zure kontzertuak lasaiak dira?

Lasaia ez da. Intimoa bai, ordea. Rocka atzean daukaten kantak dira. Ni hortik nator: rock, punk, hardcore. Hori da nire ibilbidea, baina zuzenekoak batzen du intimitatea eta gordintasuna.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide