Lokatzak markatu du zailtasunaren langa, aldapa, arrapala eta bihurgunez beteriko ibilbidean barrena. "Zirkuitua oso teknikoa da", zioen zale batek barandatik begira.
750 parte hartzaile inguru egon dira, "horietako 75 nazioartekoak, 12 herrialdetatik etorriak. Horrek adierazten du sari honek baduela izena", adierazi dute Laudioar Txirrindulari Elkarteko kideek.
"Nazioarteko 75 txirrindulari aritu dira Laudioko proban, 12 herrialdetatik etorriak. Horrek adierazten du sari honek baduela izena"
Gaurko proba Euskadi Open zirkuituaren baitan dago, baina baita nazioarteko txapelketan ere. Ez da, ordea, eskualdean udazkenean eginiko txapelketa bakarra: urriaren 9an Urduña izan zen ziklokrosaren lekuko, eta abenduan Amurrio zein Aiara bilakatuko dituzte kirol pista.
Balorazio positiboa
Antolatzaileak oso pozik azaldu dira harrerarekin: "Eguraldiak lagundu egin gaitu, eta jende asko etorri da ikustera. Primeran atera da". Horretarako, aste osoa eman dute prestaketa lanetan, "eta oso aste txarra izan da zirkuitua atontzen aritu garenontzat". 60-80 lagun inguru aritu dira auzolanean goiz osoan zehar. Eskualdeko ordezkaritza zabala ere egon da: "Kategoria guztietan ibili dira Aiaraldeko txirrindulariak".