Omniak ekarpenak egin ditu aurrekontuetan jasotzeko: skate pista, kultura taldeen diru-laguntzak, barandak parkean...

Aitor Aspuru Saez 2021ko aza. 9a, 07:00

Omnia udal taldeak hainbat proposamen landu ditu. / Aiaraldea.eus

Omnia alderdi independenteak  2022ko udal aurrekontuei egindako ekarpenak jakinarzi ditu. Bere ideiak proposatu ez ezik, udal hiltegia irekitzeko dirurik aurreikusi ez izana leporatu die EAJ eta PSE-EEri.

Omnia taldeak oharra zabaldu du argitzeko zeintzuk izan diren bere proposamenak Laudioko Udal Taldeak egindako aurrekontuen zirriborroari.

Zehazki, alderdi independenteak honakoa iradoki du kultura, kirola eta jendartearen esparruetan: skate pista egokitzea, Laudioko Kulturzaleak elkarteak proposatutako ekintzak gauzatzeko bitarteko ekonomikoak ematea, kultura eta kirolera bideratzen den diru kopurua %10ean igotzea, eta 6.000 euro gehiagorekin babestea APILLen jarduera, orokorra izan dadin, eta ez soilik bazkideentzat.

Horrez gain, Jesus Guridi plaza konpontzea beharrezkotzat jo du alderdiak, baita parkean barandak jartzea, istripurik gerta ez daitezen eta jendea ibaiara erori ez dadin.

Bere proposamenak egin ez ezik, Omniak salatu du udal hiltegia berriro irekitzeko dirurik ez dela bideratu 2022ko udal aurrekontuen zirriborroan

Azkenik, geolokalizazio sistema digital bateratuaren garapena eskatu du, herritarrentzat eta nahi duenarentzat.

Udal hiltegia eta zergak

Bestalde, udal gobernu taldearen planteamendua kritikatu du Omniak. Hain zuzen, salatu du udal hiltegira begira ez dela inbertsiorik jaso. Hau da, azpiegitura itxita jarraitzeko hautua egin dela.

Bestalde, alderdi independenteak gogoratu du epaitegiek gainbalio zerga bertan behera utzi dutenez, udalak 400.000 euro gutxiago izango dituela. Hori konpontzeko Omniak uste du aukera onena dela errenta altuenak dituztenei  Ondare Higiezin Zerga %10 igotzea, eta jarduera ekonomikoen zergaren presio fiskala areagotzea.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide