Apillek positiboki baloratu du Laudioko Gilda Tradizionalaren Ibilbidearen lehen edizioak izandako harrera. Urriko bigarren hamabostaldian egin zuten ekimena, eta Lauri Barria tabernak lortu zuen gilda tradizional herrikoi onenaren saria. Ederki eta Batzoki Laudio, aldiz, bigarren eta hirugarren postuetan geratu dira, hurrenez hurren.
Dena dela, merkatari elkarteak ostalari guztiek eginiko lana goraipatu du, "maila bikaina" erakutsi dutela iritzita. Bizilagunen parte hartzea ere eskertu dute antolatzaileek, gilden 96 balorazio jaso dituztela nabarmenduta.
Horrez gain, hainbat sari zozketatu dituzte bezeroen artean. Julia Ortizek lortu du Donostian asteburupasa egiteko bonoa. Imanol Garay, Eduardo Arana eta Jose Ignacio de Arriba Diezek, aldiz, Aldizabal gilden lote bana eskuratu dute. Johanna Andrea Muñoz eta Patrizia Terrerosek, aldiz, Bebidas Serranoren lote bana jaso dute.
