LABek salatu du JEZ enpresak TEBEX konpainia kontratatu duela langileak presionatzeko bajan daudenean

Aitor Aspuru Saez 2021ko aza. 10a, 12:00

TEBEX enpresaren zerbitzuak eskatu ditu JEZ konpainiak. / Aiaraldea.eus

JEZ enpresako LAB sindikatuko atalak kritikatu du zuzendaritzak TEBEX konpainiaren zerbitzuak kontratatu dituela bajan dauden langileen "osasun egoeraren egiaztatzea" egiteko. Erakunde abertzalearen aburuz, kontratazioak beharginak sakatzea du helburu, alta eskatu dezaten osatu baino lehen.

LAB sindikatuak bere afiliazioaren artean eta modu publikoan salatu du JEZ enpresak TEBEX konpainiari ordainduko diola langileen bajak kontrolatzeko. Enpresak, antza, azaldu du absentismoaren kontrako neurria dela.

Erakunde sindikalak, ordea, uste du kontratazioaren xedea dela langileak presionatzea, ahalik eta lasterren eskatu dezaten mediku alta. Zentzu horretan, LABek adierazi du hori arriskutsua izan daitekeela beharginen osasunari dagokionez. Halaber, JEZek dirua horretara bideratzea kritikatu du, prebentzioan inbertitu ordez.

Datu pribatuen babesa

LABek jakinarazi dio Aiaraldea Komunikabideari bere esku dagoen guztia egingo duela TEBEXen jarduera oztopatzeko. Izan ere, sindikatuak ez dauka argi zein neurritan partekatu ditzakeen JEZek langileen datu pribatuak hirugarren konpainia batekin. Bide batez, azpimarratu du TEBEXek ez duela eskumenik mediku altarik proposatzeko.

LAB sindikatuko atalak jakinarazi dio Aiaraldea Komunikabideari bere esku dagoen guztia egingo duela TEBEX enpresaren jarduera oztopatzeko

Gainera, LABek deia zabaldu du JEZeko beharginen artean euren datu pribatuak TEBEXekin ez partekatzeko; ez baimentzeko Osakidetzako langilea ez den medikurik etxera bertaratzea, eta osasun historialari buruzko informazioa ez plazaratzea, ez osasun txostenena ezta mediku probena.

Horrez gain, langile erakundeak eskatu die JEZ enpresako beharginei TEBEXek zerbait galdetuz gero, medikuarengana jotzeko iradokitzea, eta gogoraraztea enpresari ez duela gaitasunik tratamenduak aldatzeko edo proba gehigarriak eskatzeko.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide