Txani Rodriguez idazle laudioarrak Euskadi Literatura Saria irabazi du. Gaztelerazko eleberrien kategorian izan da garaile, Los últimos románticos liburuarekin.
Bakardadearen gaia lantzen du eleberriak. Irune protagonistak paper fabrika bateko lan gatazka batean murgilduko gaitu, komunitatearen zentzua eta klase kontzientzia zeharo galdu diren garai batean. Etorkizun distopiko bezain hurbila marrazten du Txaniren obrak.
Eleberriaren orrietan galdu den orok, argi eta garbi aurkituko zituen Laudioko tokien erreferentziak: kaleak, tabernak, hilerria, trena... Izan ere, narrazioak Laudio distopiko bat aurkezten digu, dekadentea, non saltoki gehienak itxita dauden, eukaliptoen monolaborantza nagusi den, eta aisialdia abandonatutako kanpoaldeko pabiloi industrialetan garatzen den.
Komunitatearen zentzua eta klase kontzientzia zeharo galdu diren garai batean oinarritzen da eleberria
Ez da Aiaraldeak Txaniren eleberrietan isla duen lehenengo aldia. Urte luzeko bere obra literarioan etengabeak dira eskualdeari egindako erreferentziak eta keinuak. Agosto-n, esaterako, Okondo da narrazioaren agertokietako bat.
Gu Txani Rodriguezekin geratu gara Los últimos románticos eleberriaren eta Laudio errealaren artean paseatzeko.
Trenbide pareko paseoa
"Laudio da, baina ez da Laudio, -azaldu digu Txanik- hala ere, eskualdeko jendea oso identifikatua sentituko da bertan deskribatzen diren lekuekin". Gardeako industriagunea eta Zubiko Kurajo lotzen dituen paseora ekarri gaitu Txanik aurrena.
Ibai ertzaren eta altzifre ilara batez ezkutatutako trenbidearen artean ahokatutako pasabide estu eta luzea da. Txanik toki honen deskribapen zehatza eskaintzen du eleberrian, eta Jiro Taniguchi ilustratzailearen bineta batekin alderatzen du. "Leku nahiko itsusia da, batzuetan ederra dirudiena", dio Txanik.
Paseoko jarlekuetako batean hartzen du atseden Irunek Los últimos románticos-en lehenengo kapituluan, lantegitik herrirako bidean. Bertan eseri gara gu ere hurrengo geltokia zein izango den erabakitzeko.
Paper fabrika
Eleberrian bezala, errekan gora egin eta industriagunera iritsi gara. Bertan dago Iruneren lantokia: komuneko papera eta ahozapiak ekoizten dituen paper fabrika. Lantegiak Artziniegako Lucart enpresan du oinarria. "Nire bikotekideak bertan egin zuen lan, eta eleberriko lantegiak hor du oinarria. Nik irudikatu dudan eraikina, ordea, Tubacexeko sarrera da, Artziniegakoa baino hobeto ezagutzen dudalako", azaldu digu Txanik.
Eleberrian paper fabrikako langile gutxi batzuk greba abiatzen dute, eta lan gatazkaren hainbat pasadizo Tubacexeko lantegiko sarrerak inspiratutako espazio batean gertatzen dira.
Txanik 2019an idatzi zuen eleberria, ezer gutxi imajinatu zezakeen orduan Tubacexeko greba mugagabeaz, eta are gutxiago honek nola edo ahala Los últimos románticos-en oihartzuna izango zuenik. "Eleberrian lantzen ditudan gai askok nolabaiteko zentralitatea hartu dute gaur egun. Izan Tubacexeko grebak, eukaliptoen landaketa masiboak edota pandemiak pertsona nagusiengan eragindako bakardade sentsazioa. Zentzu horretan zenbait pasartek premonitorioak dirudite, baina funtsean gure gizartearen isla baino ez dira."
Industria birmoldaketa
Tubacexeko greba mugagabearekin paralelismoa ezustean gertatu bada ere, eleberrian badira esplizituki eta berariaz aipatutako beste lan gatazka batzuk; industria birmoldaketari lotuak hain zuzen ere. "Aceros-eko lan gatazka aipatu egiten dut eleberrian, eta fabrika ere agertu egiten da. Fikziozko Laudio horretan, ordea, industria birmoldaketaren ondorioak askoz bortitzagoak dira", aipatu du egileak.
Pantailara salto
Industriagunetik Batzalarrin kalera bueltatu gara, bertan ere gertatzen baitira liburuko zenbait pasarte. Bidean Los últimos románticos-en zinema egokitzapenaz hitz egiteko tartea hartu dugu.
“Oraindik ere harritzen naiz Laudiotik idatzitako obra txiki hau izaten ari den ibilbidearekin”
La trinchera infinita filmeko ekoizleak izango ditu atzetik Los últimos románticos-ek.Zuzendari lanetan, ordea, David Perez Sañudo arituko da. Perez Sañudok Ane filma zuzendu zuen, bere opera prima. Gaur gaurkoz gidoia osatzen ari dira, eta horren arduradun nagusia Marina Parés da. Parés-ek Goya saria irabazi zuen iaz.
Datorren urtean hasiko dira filmatzen, eta dena ondo bidean 2023an estreinatuko dute. Txanik ilusio handiz hartu du proiektua: "Pozgarria da zure obrak hainbesteko interesa sortzen duela ikusteak. Talentu handiko jendez osatutako lantaldea ari da sortzen. Hainbat bilera egin ditugu proiektuaz hitz egiteko, eta oraindik ere harritzen naiz nik Laudiotik idatzitako obra txiki hau izaten ari den ibilbidearekin. Oso atsegina da jakitea zure lana erakargarria dela beste pertsona batzuentzako."
Auto-sozio-biografia
Laudio literarioan zehar egindako ibilbidea amaituta, Batzalarrin kalean agurtu dugu Txani. Alde egin aurretik bere eleberrietako erreferentzien inguruko azken hausnarketak elkarbanatu ditugu. "Inguruko lekuen erreferentzia geografikoak ez ezik, bertako testurak eta gizartearen funtzionamendua eleberrietan islatzea dut gustuko". Annie Ernaux idazle frantziarraren auto-sozio-biogragia kontzeptua gogoko duela dio Txanik: "Nik ez dut biografia bat inoiz idatzi, nire bizitza ez da hain zirraragarria. Baina, soziologikoki, gizarte bezala, asko dugu kontatzeko. Horrela, nire bizitzan zein beste pertsonen bizitzan oinarritutako pasarteak ekartzen ditut liburuetara."
Etorkizunari ere keinu txiki bat egin dio "Nire hurrengo liburuan esplizituki aipatu nahi dut Laudio, herriaren izena idatzi, eta bertako pasarte errealak kontatu". Oraindik ez du forma zehatzik etorkizuneko proiektu horrek, joango da mamitzen Txaniren paper artean, baina, etorkizuna egon badago.
Bien bitartean, datorren azaroaren 18an jasoko du ofizialki Euskadi Literatura Saria idazle laudioarrak. Etorriko dira aurrerantzean aitorpen berriak ere.