Duela hiru urte elkarrizketa egin genizun, Arte Ederretako beste ikasle batzuekin Laudioko Kultura etxean egin zenuen erakusketa bat dela eta. Orain, hiru urte beranduago, Bartzelonan bizi zara, eta hainbat filmren arte sailetan egin duzu lan. Nola aldatu da zure bizitza?
Ilustrazioa ikasteko jo nuen Bartzelonara. Publizitate eta prentsa alorrak nituen gustuko. Erakusketa askora gerturatzen hasi nintzen, eta eszenografia klaseetara ere joaten hasi nintzen, baina entzule moduan soilik. Asko gustatu zitzaidan eta amaitzean erakusketa bat egin nuen klasekideekin. Praktikak argitaletxe batean egitea proposatu zidaten, eta ezetz esan nuen azkenean, arte sailen ikasketak egin nahi nituelako, zinema eskola batean.
Arte zuzendari batek nire lana, ikusi zuen erakusketan eta Érase una vez en Euskadi filmaren grabaketara gonbidatu ninduen. Hilabete egon nintzen bertan, eta azkenean grabaketa osoan geratzeko esan zidaten.
Aurten arte saileko masterra amaitu dut, eta horren ostean Modelo 77 filmean hartu dut parte, pintura sailean. Oso lan gogorra izan da fisikoki, baina taldearekin oso gustura egon naiz. Oso pelikula ona izango dela uste dut. Orain beste ikus-entzunezko batean nago lanean, Bird Box filmaren spin-off’-ean. Aurrekontu handiko lana da, nazioarteko plataforma digital baterako sortua, eta nabaritzen da: baliabide asko ditugu eta gauza oso handiak egin ditzakegu. Azpisail bat dago autoetarako bakarrik, adibidez.
Dena den, gustuko dut film txikietan lan egitea, jende guztia ezagutzen duzulako eta familia giroa sortzen delako. Ekoizpen handietan, aldiz, dena da hierarkizatuagoa.
Zertan datza pelikula bateko arte departamentuaren lana?
Filmaren gidoi edo liburua irakurri eta bere mundu bisuala sortzean datza. Oso gauza zaila da, ideia idatziz jasotzen dugulako eta errealitatean egikaritu behar dugulako. Zenbat dekoratu dauden, zer material erabili daitezkeen, istorioa non gertatzen den, ze rkolore agertzen diren… hori guztia zehazten dugu, eta lana zatitzen dugu gero, azpisail guztien artean. Mota askotako azpiatalak daude: pintura, dekorazioa, kudeaketa, logistika, marrazketa teknikoa, atrezzoa, grabaketako arte departamentua…
Zenbat jende zaudete departamentuan lanean?
Bideoklip autogestionatu baten grabaketan hartu nuen parte, eta bertan 6-7 kide ginen taldean. Filma txiki batean 15 pertsona inguru egon daitezke eta tamaina ertaineko batean 50. Orain egiten ari garen filma aurrekontu handikoa da, eta ia 100 kide gaude arte sailean.
Zertan datza zehazki zure lana?
Dekorazioan eta pinturan aritu naiz batez ere. Pintura saileko kideok plato edo eszenatokietan egiten dugu lan, gauzak margotzen. Elementuak irudikatu behar ditugu, gezurrezko oxidoa edo hezeguneak, adibidez.
Dekorazioan, aldiz, arte zuzendariak ideia bat ematen digu eta guk proposamenak egin behar dizkiogu, ideia hori errealitate bilakatzeko.
Érase una vez en Euskadi filma 1980ko hamarkadako Euskal Herrian girotuta dago. Zein izan zen erronkarik handiena grabaketan?
Niretzat zailena hastea izan zen. Oraindik ez nuen masterra amaituta eta ez nekien ezer zinemari buruz. Ez nekien gidoi bat ondo irakurtzen, ezta arte sailak nola funtzionatzen zuen ere.
Paperean zegoena errealitateara eramatea oso zaila iruditzen zitzaidan, kostatzen zitzaidan ulertzea aurkitzen ez dituzun gauza zure kabuz sortu ditzazkezula. Arte sailaren lana ez da soilik pantailan ikusten dena. Logistikak ere pisu handia du: materialak nola garraiatu, muntaketa lanetarako jendea lotu… dena errodaje ordurako prest egon dadin.
Aurrekontuak ere pisu handia du, ez?
Bai. Departamentuan persona bat dago kontuak eramaten. Gastu asko daude, filman ikusten den gauza oro delako artea. Autoak ikusten badira, edo armak, edo armairuak, edo sua… hori guztia arte sailetik igarotzen da.
Zinema aretoetan estreinatu berri da Érase una vez en Euskadi. Pozik zaude emaitzarekin?
Asko gustatu zait. Nire lehen filma izan da eta asko ikasi nuen, oso esperientzia positiboa izan zen. Familia bat sortu genuen saileko kide guztien artean, egunero geundelako elkarrekin, hamaika orduz. Horregatik, oso polita da guztion artean eginiko lana ikustea.
Taldelana funtsezkoa da, beraz.
Bai, erabat.
Horren lantalde handiak izanda, badago tarterik norberaren sorkuntza filmean islatzeko?
Normalean tarte handia dago, gidoian gauza asko ez daudelako zehaztuta, objetuak eta ekintzak baino ez.
Arte zuzendariaren lana da hori guztia imajinatu eta diseinatzea. Gero guk proposamenak egiten ditugu horren gainean, baina zuzendariak du azken hitza sormenari dagokionez. Gure lana berari laguntzea da, bere ideiak errealitate bilakatzeko.
Film baten grabaketan murgilduta zaude orain. Zinemagintzan jarraitzeko asmoa duzu etorkizunean?
Bai. Bideoklipak ere grabatzen nago. Oso gustuko dut hori, lan-talde ederra sortu dugulako horretarako. Modu autogestionatuan egiten dugu guztia.
Ez da lana berez, momentuz ez dugulako dirurik irabazten, baina oso gogoko dut, oso gauza familiarra delako eta ikusten duzulako zure esfortzuak zure izena eta zure lagunena daramala.
Filmak
Hainbat filmetako arte departamentuetan aritu da Leire Orueta.
Érase una vez en Euskadi:
Urriaren amaieran iritsi zen zine-aretoetara 1980. hamarkadako Euskal Herrian girotutako filma.
Modelo 77: Filmaren grabaketa amaitua dago eta 2022an estreinatuko dute.
Bird Box filmaren spin-off-a:
Bird Box filmaren 'spin-off'-aren grabaketan murgilduta dago orain Leire Orueta. Netflixek plazaratuko du ikus-entzunezkoa.