Udal aurrekontuen proposamena auzokideen iradokizunak kontuan hartu gabe egin dela salatu du EH Bilduk

Aimar Gutierrez Bidarte 2021ko aza. 11a, 11:00

Nagore Gomara zinegotzia (erdian), EH Bildu udal taldeko gainerako ordezkariekin. / Aiaraldea.eus

Ander Añibarroren udal gobernuak auzo batzarrak aurpegi garbiketarako baliatu dituela adierazi du Laudioko EH Bilduk. Izan ere, parte-hartze prozesua amaitu aurretik jorratu du udalak aurrekontuen proposamen zirriborroa.

Urriaren 19tik azaroaren 3ra auzo batzarrak antolatu ditu Laudioko Udalak, herritarren kezkak eta iradokizunak jasotzea helburu. EH Bilduk salatu du udal gobernuak aurpegi garbiketarako baliatu dituela parte hartze foro horiek, eta ez dituela bertan jasotako ekarpenak kontuan hartu aurrekontuen proposamenean. Izan ere, auzo batzarren zikloa amaitu aurretik aurkeztu eta landu du aurrekontuen proposamen zirriborroa.

“Gure ustez, lehenengo pausu batean, herritarren iritziak, beharrak eta kezkak entzun behar dira, eta horrekin guztiarekin, ondoren, aurrekontuen proposamen zirriborroa landu, eta ez alderantziz” adierazi du Nagore Gomara zinegotziak. Herritarren ekarpenak jasotzeko epea abuztuan ireki izana ere kritikatu du udal talde abertzaleak. Urteko tarte hori hain prozesu estrategikoa garatzeko hilabete txarra dela azaldu du Gomarak.

Trabak partehartzeari

Herritarren parte hartzerako auzo batzarretan aurrez izena eman behar izana eta aforo muga mantentzea ere kritikatu du koalizioak. Eusko Jaurlaritzak edukiera mugak eta neurri murriztaileak kendu aurren, udalak mantendu egiten dituela argudiatu du Nagore Gomarak.

Azkenik, bandoen erabilera sustatzea proposatu dute auzo batzarren deialdia zabaltzeko: “Modu horretan, batetik, kontziliazioa eta, bestetik, herritar guztiei deialdia heltzen zaiela bermatzen da, eta arrakala digitalaren baitan sortutako desorekak saihesten ditugu. Adinduek zailtasunak izaten dituzte baliabide elektronikoak maneiatzen, eta herritar guztien esku jarri behar ditugu parte hartzea bultzatzeko erraztasunak” gaineratu du EH Bilduko bozeramaileak.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide