“Talde bat gara eta talde bezala entrenatzen dugu” adierazita, argi azaldu dute Laudioko karateka gazteek zein izan den euren sekretua uda bakarrean 5 gerriko beltz eskuratzeko. Aimar Garzonek (2006), Ekain Perezek (2008), Ander Palacinek (2005), Eder Bergarak (2005) eta Arriet Artarazek (2006) adin anitzeko taldea osatu dute eta elkarrekin heldu dira borroka diziplina honek eskaintzen duen mugarrietako batera.
Edonola ere, eurek baino lehen Joane Cabañes aitortza bera lortu zuen iaz eta aurten lehen dana bereganatu du.
Bidea guztientzat, ordea, ez da motza ezta erraza izan. Duela zazpi urte hasi ziren kirol horretan eta gero eta serioago hartu dute, helburuak finkatu eta bete arte. Batzuek onartzen dute lagunekin ondo pasatzeko izena eman zutela, baina gero ohartu zirela eurentzat gero eta garrantzitsuagoa bilakatzen ari zela karatea: “Ez genuen uste hain urrun helduko ginenik, baina proposatuz gero, lor daiteke gerriko beltza. Hori bai, prest egon behar zara, serioa da” nabarmendu du Arriet Artarazek. Hain zuzen, Ander Palacinek eta Eder Bergarak ere lehen dana eskuratu dute. “10 dan dira guztira eta azkena 72 urterekin eskuratzen da” ohartarazi dute.
Edonola ere, euren arrakastaren gakoa talde lana izan da. Angel Daza maisuak entrenatu zituen, baina eurek klase arruntak jarraitu ez ezik, euren kabuz ere trebatu dira. “Senseiak lagundu gintuen hasieran, baina azken egunetan gure artean zuzentzen ginen” aipatu du Eder Bergarak. Esperientzia eta elkarlana hain positiboa izan da eurentzat, ezen orain belaunaldi berriak laguntzen zentratzen ari baitira.
Azterketa
Gerriko beltza eskuratzeko, azterketa praktikoa gainditu beharra dago eta bere izaera da. Alegia, teknikak, katak eta borrokak egin behar izan zituzten epaileen aurrean. Ez dakitenentzat, Aimar Garzonek azaldu du; “Katak mugimendu sorta dira. Batzuk defentsarako eta beste batzuk erasorako. Zaila da menderatzea, askotan errepikatu behar baitira”.
Borrokei dagokienez, karatekek euren artean neurtu behar izan zituzten indarrak. Hala eta guztiz ere, lehia hutsa ez zen izan talken funtsa. Ander Palacinek azaldu du: “Garrantzitsuena ez da irabaztea edo galtzea, baizik eta erakustea badakizula ikasitakoa erabiltzen”.
Nahiz eta norgehiagokak lagunen artean izan, guztiek bukatu dute oso pozik emaitzarekin eta azterketarekin, oro har. Ekain Perezek aipatu bezala: “Zapore onarekin amaitu genuen proba, urtebetez entrenatu eta gero. Egunean bertan esan ziguten guztiok lortu genuela gerriko beltza, baina ez dugu elkarrekin ospatzeko aukera izan. Berehala heldu ziren oporrak eta sakabanatu ginen”.
Hala ere, tatamiaren gainean daude berriro bostak elkarrekin, hurrengo erronkaren zain. Bik badute esperientzia txapelketetan, baina, momentuz, ez dute lehiaketetan parte hartzeko asmorik eta, gainera, COVID-19 dela medio, probak bertan behera geratu dira.