EH Bilduk salatu du gizarte arloko elkarteei ez zaizkiela diru-laguntzak ordaindu

Aimar Gutierrez Bidarte 2021ko aza. 12a, 07:00

Laudioko EH Bilduren udal taldea. / EH Bildu

Laudioko Udalak herriko elkarteentzako diru-laguntzen ebazpena atzeratu duela salatu du EH Bilduk. Laguntza horien faltak pertsona askoren bizi baldintzak okertzen dituela adierazi du koalizioak.

Herriko hainbat eragile eta elkarterekin bilerak egin ditu azken astean EH Bildu udal taldeak. Bira horretan, gizarte arloan lan egiten duten udalerriko elkarteek 2020az geroztik diru-laguntzak etenda dituztela egiaztatu duela azaldu du koalizioak. Horrek eragin zuzena du ere 2021eko laguntzetan. Izan ere, iazko diru-laguntzen justifikazioa ebatzi gabe egoteak eragotzi egiten du aurtengo laguntzen izapidetzea.

EH Bilduk kezka adierazi du egoera horrek elkarte eta eragileen biziraupenean duen eragin kaltegarria dela eta. Gizarte-ongizaterako zorroa bere ardurapean duen PSE-EE alderdiari erantzukizuna eskatu diote, gizarte-ekintza, gizarte-kalitatea, integrazioaren normalizazioa eta bizi-kalitatearen hobetzea helburu duten kolektiboei erantzunez.

"Gure ustez lehentasuna eman beharko litzaioke diru-sarrera horiek bermatzeari, talde hauen funtzionamendua ziurtatzeko eta, beraz, EH Bildutik gobernu taldeari eskatzen diogu diru-laguntza ordaintzeko beharrezkoak diren izapideak betetzen direla bermatzea" azaldu du Esti Gorostiaga zinegotziak. Udal-gobernuaren kudeaketa utzikeriatzat jo du Gorostiagak, eta gogorarazi du egoera honetan kolektibo ahulenak direla diskriminazioa jasaten dutenak.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide