Eskualdeko 15 epaile inguruk euren indarrak batu dituzte ikastaroa emateko abenduaren 27tik 30era bitartean eta urtarrilaren 3an, 4an, 5ean eta 7an. Iñigo Egiguren da antolatzaileetako bat eta gogoratu du ekimena duela 15 urte prestatzen dutela, baina iaz eten behar izan zutela osasun egoeraren ondorioz.
"Futbolaren 17 arauak, aktak nola idatzi eta epailaren egoerak zelaian landuko ditugu. Horretarako, kategoria nazional zein erregionaleko hainbat epailek hartuko dute hitza, guztiak eskualdekoak. Bakoitzak gai bat prestatu eta azalduko du", argitu du Egigurenek.
Irakasle lanetan arituko direnen artean Haizea Castresana, Gotzon Palacios, Aimar Velasco, Edu Ibernia edota Jon Uriondo daude, besteak beste. Hitzorduak Laudion izango dira. 18:00etan hasiko dira 19:30ean amaitzeko.
Izena emateko arbitrosllodio@hotmail.com helbide elektronikora idatzi beharra egongo da. Antolatzaileek nabarmendu dute etengabeko trebakuntza saio horien bidez, lagun taldea sortu eta kirol zaletasuna sustatu ez ezik, ibilbide profesionala egiteko aukera ere irekitzen dela.