Laudio bisitatu zuen atzo Oskar Matute EH Bilduko Espainiako Kongresuko diputatuak. Koalizio abertzaleak azaroaren 20an Bilbon egingo duen manifestazio nazionalaren deialdia indartzeko probestu zuen ekitaldia.
Matutek orotariko gaiak izan zituen hizpide solasaldian, hala nola, elektrizitatearen prezioaren garestitzea, pentsioen erreforma edota espetxe politika. Tubacexeko langileen greba mugagabea ere izan zuen gogoan diputatuak, eta Arantxa Tapiaren azken adierazpenak kritikatu zituen: "Tubacexeko langileek asko egin dute lan-eskubideen alde. Langileen antolaketa eta sindikatuen lana oso beharrezkoa da. Langileen borroka funtsezkoa da".
Ekitaldia azaroaren 20an Bilboko kaleak betetzeko mezuarekin itxi zuen Oskar Matutek: "Aske eta berdinen Euska Herria eraiki nahi dugulako, azaroaren 20an Bilboko kaleak betetzera goaz! Izan zirelako gara eta garelako izango dira!".
Argazkiak: EH Bildu Laudio