Udal hiltegiari buruzko adierazpen bateratua egin dute Lamia Arcas eta Alvaro Barrios EH Bildu eta Omniako bozeramaileek. Izan ere, oposizioko taldeak ez daude ados azpiegitura horren itxierarekin eta eztabaidaren ertz guztiak landu behar direla uste dute: “Ez dugu amore emango eta ez dugu utziko ahanzturan erortzen kasu honek dakartzan zalantza tekniko eta politiko guztiak argitu gabe”.
Arcasek eta Barriosek bi eremutan eragin dute bereziki. Alde batetik, uste dute hiltegia ixteko arrazoi nagusia, ekonomikoa, ezin dela justifikatu. Euren aburuz, instalazioak berritzeko proiektuaren lehen faseko lanak amaiatuta, isuri-parametroak beteko lirateke. Udal Gobernu Taldeak, ordea, bigarren eta hirugarren faseak ere bete nahi ditu.
Oposizioaren iritziz: "fase horiek dira hasierako proiektua garestitzen dutenak. Fase horiek gobernu-taldeak agintzen ditu, ordenantzek edo erakunde publikoek eskatu gabe".
Batzorde monografikoa
Bestalde, eztabaida publikoa ekiditea egotzi diote Omniak eta EH Bilduk Ander Añibarrori. Hain zuzen, alkateak urriko udalbatzan iragarri zuen batzorde monografikoa deituko zuela, azaltzeko zergatik ez den legalki bideragarria udal hiltegia berriro irekitzea. "Adierazpen horietatik hiru astera, oraindik ez da eperik finkatu hitzemandako bilerarako" adierazi dute alderdiek.